Izandakoak gogoan, Zestoako pilotalekuko horman

Aitziber Arzallus 2020ko azaroaren 9a

'Izan zirelako gara, garelako izango dira' esaldia margotu dute Zestoako Gurutzeaga frontoiko horman. "Joandakoak oroitzeko ez ezik, herriko ondareari daukan balioa emateko" helburuarekin idatzi dutela azaldu du Mikel Arregi alkateak.

Herriko zenbait auzotako pilotalekuak ez ezik, herriguneko Gurutzeaga pilotalekua ere berritu eta margotu egin du Zestoako Udalak, eta irailaren bukaeratik erabilgarri dagoen arren, orain eman dizkio azken ukituak. Granate kolorez margotu dituzte pilotalekuko hormak, eta zuriz, Izan zirelako gara, garelako izango dira leloa idatzi dute bertan. "Zerbait jarri behar eta horixe jartzea erabaki dugu", esan du Mikel Arregi herriko alkateak. Duela hilabete batzuk arte, Eman eskua pilotari eta hitza herriari irakur zitekeen. "Esaldi hura pilota elkarteko kideek aukeratu zuten eta oraingoa Udal Gobernuak", azaldu du Arregik. "Esaldi horrekin nahi duguna da joandakoak gogoan izatea eta herriko ondare historikoari daukan balioa ematea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide