Oinezkoei lehentasuna emateko lanak egiten hasiko dira Gurutzeaga kalean

Aitziber Arzallus 2020ko azaroaren 5a

Gurutzeaga pilotalekuaren aurreko errepidea eta espaloiak berdindu egingo dituzte. Lanek irauten duten asteetan, aldaketak izango dira trafikoaren zirkulazioan.

Datozen egunetan Gurutzeaga kalean lanak egiten hasiko direla jakinarazi du Zestoako Udalak. Hain zuzen ere, Gurutzeaga pilotalekuaren aurreko errepidea eta espaloiak berdindu egingo dituzte, "oinezkoei lehentasuna emateko eta gune hori biziberritzeko" helburuarekin. Zestoan herriko merkatarien elkartearen eta Zestoako Udalaren arteko elkarlanetik sortutako proiektua da.

Asteak beharko dituzte inguru hori egokitzeko lanak egiteko, eta obrek irauten duten bitartean aldaketak izango dira trafikoaren zirkulazioan. Hala, Gurutzeaga kalearen bukaeran dagoen sarrera-irteera herritik ateratzeko bakarrik erabili ahal izango da, eta Zumaia aldetik datozenek Eneko Sauztegi kaletik sartu beharko dute herrira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide