Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa bertan behera utzi behar izan du antolakuntzak, besteak beste, txapelketan parte hartzekoak ziren Nafarroako eta Errioxako pilotariak beren herrietatik ezin direlako atera. Hori horrela, lau eta erdikoa Binakako Txapelketak ordezkatuko du datozen asteetan. Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarrak eta Naroa Agirre pilotari arroarrak txapelketan parte hartuko dute. Amaia Aldai dimoztarra izango du bikote Orbegozok eta Patri Espinar Agirrek. Txapelketako lehen neurketak asteburuan jokatuko dituzte. Agirrek eta Espinarrek larunbatean 18:00etan Guardian (Araba) jokatuko dute Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka. Orbegozok eta Aldaik, berriz, Legution (Araba) jokatuko dute 12:00etatik aurrera ; Miren Larrarte eta Nora Mendizabal izango dituzte aurkari. ETB1ek, gainera, zuzenean eskainiko ditu igandeko partida guztiak.
Bi multzotan banatutako zortzi bikotek, guztira hamasei pilotarik, parte hartuko dute binakakoan. Naroa Agirre arroarra A multzoan arituko da. Andrea Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi, Olatz Arriabalaga-Ane Urkizu eta Iera Agirre-Arrate Bergara arituko dira multzo horretan. Oihana Orbegozo azpeitiarra, aldiz, B multzoan arituko da. Leire Garai-Gentzane Aldai, Miren Larrate-Nora Mendizabal, Ainhoa Ruiz de Infante-Miriam Arrillaga eta Amaia Aldai-Oihana Orbegozo izango dira B taldea osatuko duten bikoteak. Multzo bakoitzeko lehen bi bikoteek jokatuko dituzte finalerdiak abenduaren 6an, eta finala abenduaren 20rako iragarri dute, Arrigorriagan (Bizkaia). Txapelketa guztia pilota mistoarekin jokatuko dutela jakinarazi du antolakuntzak.
Naroa Agirre pilotari arroarra.