Azaroan Zestoako Gaztetxean izango diren ekintzen egitaraua plazaratu du Zestoako Gazte Asanbladak. Egoerak uzten badu, Zine Zikloa eta Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatutako jardunaldi politikoen barruko azken hitzordua egingo dituzte Zestoako Gaztetxean, "babes neurriak hartuta". Ekitaldietan ezinbestekoa izango da maskara jantzita izatea.
Zine Zikloaren barruan, hiru film eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak igandeetan izango dira, 18:30ean hasita. Azaroaren 15ean Diaz, no limpies esta sangre filma eskainiko dute. Azaroaren 22an Los Miserables eta hilaren 29an, Yo, Daniel Blake.
Azaroaren 20an, aldiz, Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistaren jardunaldi politikoen barruko azken hitzordua izango da Zestoan. 18:30ean hasita, Estatu burgesa eta errepresio indarrak hitzaldia eskainiko dute Zestoako liburutegi azpiko lokalean. Ondoren, Ukabil eta Rodeo taldeek kontzertua eskainiko dute Gaztetxean.