Iñaki Azkune (Zestoa, 1945) ikerlariak Zestoaren historiaren bigarren atala argitaratu du. Zestoaren Historia (2) izeneko atala hamar liburuz osatutako ikerlana da, eta 1545 eta 1556 urteen arteko historia biltzen du. Ale bakar batzuk liburu formatuan argitaratu dituzte, erakunde eta liburutegietan eskuragai jartzeko, baina interesatuei zabaltzeko, CD formatuan kaleratu dute ikerlana.
Lehendabiziko atalak Historiaurretik 1544. urtera arteko historia biltzen zuen, eta orain haren jarraipena argitaratu du Azkunek. Urte ugari eman zituen Azkunek Zestoako, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat artxibotako agirien kopiak biltzen, Zestoari buruzko lehen eskuko albisteak izateko ahaleginean. Gero, behin agiriak bilduta, horiek transkribatu eta historia idazten jardun da ikerlaria hainbat urtez. 2016an argitaratu zuen lehen atala, eta orain ikusi du argia bigarrenak.
Aurreko lanak bezala, atal berriak ere agiritegia du –agiri garrantzitsuenen transkripzioa, alegia–, oharrez eta historiaz aparte. Horrez gain, bestelako informazio asko jasotzen du lanak: Zestoako alkateen zerrenda, irudien oinak... Gaikako aurkibidea eta aurkibide onomastikoa ere baditu ikerlanak.
Zestoaren Historia (2) CD formatuan jarriko dute salgai, Potxolo liburu dendan.