Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko dute zapatuan Zestoan

Andoni Elduaien 2020ko urriaren 22a

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak parte hartuko dute larunbateko sailkapen proban. Guztira hamar aizkolari arituko dira Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan, eta eguneko lana amaitzen duten sei aizkolari azkarrenak sailkatuko dira final nagusira.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia datorren larunbatean hasiko da, eta eskualdeko hiru aizkolarik parte hartuko dute lehian: Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak. Zestoako (Gipuzkoa) Gurutzeaga pilotalekuan jokatuko dute 18:00etatik aurrera Euskal Herriko txapelketa nagusiko kanporaketa.

Eskualdeko hiru ordezkariez gain, beste zazpi aizkolarik ere parte hartuko dute sailkapen proban: Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte hamar aizkolariek Zestoan, eta denbora onena egiten duten sei sailkatuko dira azaroaren 20an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko den final nagusira.

Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izango da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki dute, bi aldeen artean dauden desadostasunengatik; kirolariek beren apustuari eutsi nahi izan diote, beraz.

Aizkora beste kirol batzuen "maila berera igo" nahi dute, eta garai berrietara egokitzeko "ekintzak garatu, ikusgarritasun handiagoa" lortzeko. "Bada garaia; denbora daramagu arlo honetan hausnartzen eta aurten aizkora munduko kirolariok urrats irmoa emateko erabakia hartu dugu", adierazi du gaur Bilbon egindako aurkezpenean Aitzol Atutxa aizkolariak.

Etorkizunera begira formatu "berritzaileagoak eta erakargarriagoak" lantzen ari dira aizkolariak, garai eta modu berrietara egokitzeko. Esaterako, bide berriak bilatu dituzte ingurune digitalean; webgunea sortu dute eta sare sozialetan kontua sortu. Horri lotuta, gaur egindako aurkezpenean jakitera eman zuten finalerako sarrerak web orrialdean eskuratu ahalko direla laster.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide