Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak ekin dio tokian tokiko lanari, eta dagoeneko antolatu ditu jendaurreko lehenengo ekimenak. Urola Erdiko GKSko kideek Jardunaldi Politikoak antolatu dituzte datozen asteetarako, eta hainbat hitzordu izango dituzte Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan.
Hilaren 30ean izango da aurreneko hitzordua, Azpeitiako Gaztetxean. Bertan, Antolakuntzaren beharra krisi testuinguruan hitzaldia eskainiko dute 18:30etik aurrera. Azkoitiko Matadeixen izango da hurrengo geralekua, hain zuzen, azaroaren 5ean. Egun horretan, 18:30ean hasita, Kontrolaren zentzu politikoaz jardungo dute.
Zestoan emango diete amaiera jardunaldiei, azaroaren 20an. Hasteko, Zestoako liburutegi azpiko lokalean elkartuko dira gazteak, 18:30ean, eta Estatu burgesa eta errepresio indarrak hitzaldia eskainiko dute. Ondoren, afaria egingo dute Zestoako Gaztetxean, eta eguna borobiltzeko Rodeo eta Ukabil taldeen kontzertuak izango dira, Zestoako Gaztetxean, 22:00etan hasita.
Urola Erdiko GKSko kideen esanetan, "egungo testuinguruaren gaineko irakurketa politiko sozialista plazaratzea" izango dute helburu jardunaldiotan, baita "zenbait gairen inguruko hausnarketa politikoa ematea" eta "eskualdeko jendearekin harremana egitea" ere.
Datozen asteetan landuko dituzten auzi zehatzei dagokienez, aurrerapen bezala, azaldu dute "krisi kapitalistaren baitan eta pandemiaren aitzakiapean areagotu egin dela askatasun eza". Horren adierazleak zehaztu dituzte: "Oinarrizko zenbait eskubideren urraketa etengabea, adibidez biltzeko edo orokorrean jardun politikoa gauzatzeko askatasuna; kontrol sozialaren handitzea, adibidez, teknologiaren garapena; indar polizialek kaleak hartu izana edo kolaborazioa indar errepresiboekin eta, gazteenganako kriminalizazioa".
Urola Erdiko GKSko kideen esanetan, haien lehen eginbeharra "maiztasun handiagoz errepikatzen diren askatasunen urraketa horiek problematizatzea" izango da, eta bide horretan antolatu dituzte datozen asteetarako jardunaldiak.