Zestoako Udalak AB.R.1/1 Rezola-Arroa Beheko hirigintza eremuko hitzarmen berria onartu zuen joan den osteguneko udalbatzarrean, behin betiko, aho batez. 2002an egindako hitzarmena ordezkatuko du hitzarmen berriak, "orain oso degradatuta" dagoen eremuari "irtenbidea" emateko helburuarekin. 2002ko hitzarmenarekiko aldaketa sakonak dakartza hitzarmen berriak, "garai hartan onartutako proiektuak gaur egun inolako zentzurik ez zeukala" ikusita, Mikel Arregi alkatearen hitzetan; duela hemezortzi urte "beste egoera bat" eta "ikuspuntu urbanistikotik beste estrategia batzuk" zeuden, gaineratu zuen Arregik udalbatzarrean.
2002an gauzatutako hitzarmenean, Rezola lantegia izandakoaren lurretan 353 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen hitzarmena egin zuen Zestoako Udalak Altuna y Uria eraikuntza enpresarekin. 2008an "egokitzapen bat" egin zuten hitzarmenean. Krisi ekonomikoarekin eta "higiezinen burbuilaren gainbeherarekin" bat egin zuen denboran hitzarmenaren eguneratze hark, eta 353 etxebizitza eraikitzeko hasierako proiektu hartatik 66 etxebizitza soilik eraiki zituzten. Bost bizitegi eremutan partzelatu zuten eremua hasierako proiektuan —R1, R2, R3, R4 eta R5—, baina horietako bakarrean (R1) gauzatu zituzten eraikuntza lanak; bigarren eremua, R2, zimendatuta utzi zuten, gerora eraiki ez ziren etxebizitzak altxatzeko prest.
Hain zuzen ere, zimendatuta dagoen bigarren bizitegi eremu horretan etxebizitzak eraikitzea aurreikusi dute hitzarmen berrian udalak eta Altuna y Uriak. "Kontsolidatuko lirateke lehendik eginda dagoena eta beste bizitegi bat. Aldiz, kontsolidaziotik kenduko lirateke beste hiru eremuak", azaldu zuen Arregik. Hasierako hitzarmenean, R2 eremu horretan 79 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusi zuten; hitzarmen berrian, kopuru hori handitzeko aukera eman zaio enpresari, "gehienez %20", eta jatorrizko eraikigarritasuna aldatu gabe, beti ere. Etxebizitzak libreak izango dira, baina hitzarmenean horien gaineko hainbat "baldintza" jaso dituztela nabarmendu zuen alkateak udalbatzarrean; besteak beste, etxebizitzen prezio estandarrari "koefiziente tasak" aplikatuko dizkiete, "prezioak mugatuak" izan daitezen.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, bete gabe gelditu zen aurreko hitzarmenarengatik udalarekin duen zorra itzuliko dio Altuna y Uriak erakundeari. Zor horren erdia, 110.000 euro, udalari ordainduko dizkio Altuna y Uriak. Beste erdia, berriz, eraiki beharrekoa eraiki arte hor geldituko da. Arregiren arabera, "udalak erabaki beharko du, horren garapena nola dihoan ikusita, sarrera-irteerak finantzatzerakoan lanak enpresa berari emango dizkion, ala beste enpresa batekin egingo dituen", Altuna y Uriari "diru hori guztia ordainarazita". Gainera, eraiki gabe geldituko diren hiru lur sailen jabetza udalaren esku geldituko da.