Segalaritza orokorrean "oso egoera zaila" izaten ari da, COVID-19ak baldintzatutako egoera honetan. Hori adierazi du Almitza sega elkarteak. Herri Kirol Federazioak antolatutako ohiko sega txapelketak bertan behera gelditu dira, baina Almitzak nazioarteko erako bi ekitaldi antolatu ditu aurtengoan Usurbilen eta Zaldibian. Orain, hainbat segalarirekin eta sega munduko hainbat eragilerekin bildu ondoren, txapelketa berri bat antolatzea erabaki du elkarteak, "nahiz eta txapelketa ofiziala izan ez arren": emakumeen eta gizonen Euskal Herriko I. Sega Sail Lehiaketa. Urriaren 25ean, igandea, 12:00etan hasita jokatuko da Hernaniko (Gipuzkoa) Jauregiko belardian.
Lehiaketa horretan parte hartuko dutenen segalarien izenak ere jakinarazi ditu Almitzak; tartean da Iban Pardo segalari zestoarra. Pardok iaz Euskal Herriko Sega Txapelketako txapela lortu zuen. Pardoz gainera gizonezkoetan ariko dira Julen Gabirondo aizko txapeldunordea, Iñigo Merkader eta Mikel Lizartza. Emakumeetan, berriz, Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi ariko dira lehian.
Ohiko txapelketakiko berrikuntzak
Lehiaketa berri honetan, gizonek 1.000 metro koadroko saila ebaki beharko dute eta emakumeek 400 metro koadrokoa. Euskal Herriko I.Sega Sail Lehiaketak, ohiko sega txapelketekin alderatuta, berrikuntzak izango ditu, Almitzaren arabera: "Orain arte ez bezala, emaitza belar saila bukatu ahala jakingo da. Horrez gain, ez da belarrik pisatuko eta iraupeneko lana izango da. Helburua saila ahalik eta azkarren, baina txukun, ebakitzea izango da. Segalari bakoitzak bina belar biltzaile izango ditu, belarra ebaki ahala gerta litezkeen huts egiteak bistaratzeko, eta epaileak unean adierazitako akatsak maila ebaki eta hurrengora itzulerakoan txukundu beharko ditu segalariak".
COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean babes eta segurtasun neurriak ere hartuko dituzte segalariek eta lehiaketako antolatzaileek, hala nola segalari bakoitzak laguntzaile-zorroztaile bakarra izango du, segalariko bi biltzaile bakarrik ariko dira eta epaile bakarra segalariko. Neurri horiez gainera, lehiak dirauen bitartean segalariek elkarren artean 3 metroko segurtasun tartea gorde beharko dute.
Lehiaketa jokatuko duten belardia eremua itxi batean dago eta harako sarbideak "erabat" kontrolatuta egongo direla jakinarazi du Almitza sega elkarteak: "Era horretan, aforoa eta segurtasun distantziak kontrolpean izatea bermatuko dugu".