Koronabirus gaitzaren bilakaerari adi daude azken orduetan Zestoako San Juan adinekoen egoitzako Eguneko Zentroan. Izan ere, Eguneko Zentroko hainbat langilek eta erabiltzailek positibo eman dute PCR proban, eta berrogeialdian daude orain. Hori dela eta, zentroa denbora batez ixtea erabaki dute arduradunek.
Eguneko Zentroa, egoitza eta apartamentu tutelatuak sektoreka banatuta daude, eta bertako langileak eta egoiliarrak bananduta daude, gaitzaren hedatzea saihesteko. Beraz, oraingoz, Eguneko Zentroko erabiltzaileei eta langileei egin diote PCR proba, eta emaitza gehiago izan arte, egoitzako bisitak eta apartamentu tutelatuetako irteerak galaraztea erabaki dute.
Duela hilabete inguru ere, zentroa itxi behar izan zuen udalak, herrian hainbat koronabirus kasu atzeman zirelako.