Zestoako Mintzalagun egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek dagoeneko eman dezakete izena. Euskaraz egiteko gune berriak nahi dituzten herritarrei aukera emateko helburuarekin jarri zuten martxan egitasmo hori, eta aurtengoa laugarren urtea izango da. Inoizko egoerarik arraroenean bada ere, proposamenez beteta eta gogotsu direla aurreratu dute antolatzaileek.
Mintzalagun taldeak astean ordubetez elkartzen dira mintzapraktika egiteko, parte hartzaileek eurek erabakitako orduan eta lekuan. Hori bai, egoera zein den kontuan izanda, talde horiek osasuna babesteko beharrezko prebentzio neurriak hartuta elkartuko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Aurrez aurreko eskaintzaren osagarri modura, mintzaprkatika online egiteko martxoan martxan jarri zuten egitasmoarekin ere jarraituko dute ikasturte honetan. Urriaren amaieran hasiko dira horretan.
Mintzalagun programari buruzko informazio gehiago nahi duten herritarrek edota programa horretan izena eman nahi dutenek, Zestoako euskaltegira edo euskara zerbitzura jo dezakete, 670 420 048 telefono zenbakira deitu eta idatz dezakete, edo zestoa@aek.eus helbidera idatzi. Mintzalagun egitasmoan parte hartzea doakoa da.