'Prezio Justua' lehiaketa jarri dute martxan Herrixen, Bertan eta Zestoan merkatari elkarteek

Andoni Elduaien 2020ko urr. 5a, 16:25

Urriaren 25era bitartean Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merketari elkarteetako dendetan erosketak egiten dituzten herritarrek kode bat jasoko dute trukean. Parte hartzaileek kode hori erabili beharko dute Internet bidez elkarte bakoitzak bere herrian jarri duen erakusleihoaren balioa asmatzeko.

Azkoitiko Herrixen, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoan merkatari elkarteek bat egin dute 'Prezio Justua' lehiaketa martxan jartzeko. Hainbat produktuz osatutako erakusleihoa osatu du merkatari elkarte bakoitzak bere herrian, eta erakusleihoaren balioa edo prezioa asmatzen duen herritarrak, edota bere baliotik pasatu gabe gehien hurbiltzen denak, erakusleihoko produktu guztiak irabaziko ditu. Herriko merkataritza "dinamizatzeko" eta saltoki desberdinetan topa daitezkeen "produktuen erakusleiho gisa" antolatu dute hiru merkatari elkarteek 'Prezio Justua' lehiaketa.

Azkoitian eta Azpeitian asmatu beharreko prezioa Rural Kutxaren bulegoetako erakusleihoetan ikusgai dauden produktuena izango da. Zestoan, berriz, Portale kaleko 5. zenbakian dagoen lokalean egongo da ikusgai. Erakusleihoan, besteak beste, honako produktuak aurki daitezke: telebista bat, elikadura otarreak eta artikulu teknologikoak.

Gaurtik urriaren 25era bitartean herriko saltokietan erosketak egin ondoren, kodedun txartelak banatuko dituzte dendariek. Txartelean bertan agertzen diren pausoak jarraituz, jokoan parte hartzeko aukera izango dute erosleek. Horretarako, preziojustua.eus webgunean sartu beharko dute parte hartzaileek lehenik, eta ondoren, bakoitzak erosketa egin duen herria hautatu beharko du. Segidan, bestalde, datu pertsonalak eta dendariak banatutako txartelean agertzen den kodea sartu beharko ditu parte hartzaileak. Amaieran, azkenik, erakusleihoaren prezioa zehaztu beharko da.

Hiru merkatari elkarteek gogorarazi dute, lehiaketan parte hartzeko erabili den kodedun txartela gorde egin behar dela. Halaber, jakinarazi dute urriaren amaieran jakinaraziko dituztela hiru herrietako irabazleak, eta horrekin batera esango dutela erakusleiho bakoitzak zer balio zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide