Gaurtik aurrera ez da ordurik hartu beharko Zestoako kiroldegira joateko

Julene Frantzesena 2020ko urriaren 5a

Herritar bakoitzak, gehienez, ordu eta erdiz erabili ahal izango ditu kiroldegiko zerbitzuak eguneko. Bazkide ez diren herritarrek ere izango dute kiroldegira joateko aukera aurrerantzean, bost euro ordainduta. Horrez gain, orain arte adinekoentzat erreserbatutako eguerdiko ordutegian edozein herritarrek joan ahal izango du kiroldegira.

Zestoako kiroldegiko funtzionamenduan hainbat aldaketa izango dira gaurtik aurrera. Hain zuzen ere, aurrerantzean ez da ordurik hartu beharko kiroldegira joateko, baina herritar bakoitzak, gehienez, egunean ordu eta erdiz erabili ahal izango ditu instalazioak, orain arte zehaztutako ordutegien barruan. Gainera, orain arteko legez,  asko jota, 35 lagunek egon ahal izango dute kiroldegiaren barruan.

Gaurtik indarrean izango den beste aldaketetako bat bazkide ez diren herritarrei zuzendutakoa da; izan ere, horiek bost euro ordainduta erabili ahal izango dituzte kiroldegiko instalazioak. Kiroldegiko ordezkariek azaldu dutenez, eguerdian adineko pertsonentzat soilik zabaltzen zuten kirol gunea, eta aurrerantzean edonork joan ahal izango du –ez dute itxiko–. Dena den, kiroldegian aldi berean egon daitekeen gehienezko pertsona kopurura iritsiz gero, 65 urtetik gorako herritarrek izango dute lehentasuna.

Kiroldegian dagoeneko hasi dira taldeko saioak eskaintzen, hango arduradunek jakinarazi dutenez. Koronabirusa dela-eta hainbat moldaketa egin badute ere, martxan da dagoeneko adinekoei zuzendutako gimnasia ikastaroa. Kiroldegiko kideen arabera, "martxa onean" doa gimnasioaren funtzionamendua, nahiz eta herritarrak "pixka bat beldurtuta" dagoen COVID-19aren pandemia tarteko. Gaurtik aurrera indarrean izango diren neurriak "erabilera zabaltzeko" asmoz hartu dituztela jakinarazi dute kiroldegiko ordezkariek.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide