Datorren asteartean xarabeak egiteko ikastaroa emango dute Zestoan

Aitziber Arzallus 2020ko irailaren 29a

Garbiñe Larreak emango du ikastaroa liburutegi azpiko Alondero aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Beharrezkoa da aurrez izena ematea.

Zestoan duela dozena bat egun izandako koronabirus agerraldiak bultzatuta, Portale kultur elkarteak bertan behera utzi behar izan zuen hilaren 22rako antolatu zuen xarabe ikastaroa. Baina dagoeneko egoera beste bat denez, jarri dute ikastaro hori emateko data berria. Hain zuzen ere, datorren asteartean izango da, urriaren 6an.

Saioa liburutegi azpiko Alondero areatoan izango da, 18:00etatik 20:00etara, eta Garbiñe Larreak eskainiko du. Saioan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena Portalen bertan, plazak mugatuak izango baitira. Kultur elkarteko bazkideek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, 15 euro. Ikastaroan egiten duten xarabea etxera eramateko aukera izango dute parte hartzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide