Bertakoa, bertakoek kontatuta

Ihintza Elustondo - Mailo Oiarzabal 2020ko irailaren 25a

Beizama. 1926. urtea. Baserri batean, ama eta alaba hilik agertu dira. A zer tragedia. Ordutik, ia mendea igaro da, eta gaiaren inguruan misterio ugari sortu ere bai. Orain, baina, Korosagasti filmean jaso ditu gertakariak Asier Sustaeta zinemagileak. Gaur estreinatuko dute lana, 21:00etan, sarrera guztiak agortuta direla. Film horretan parte hartu duten hiru pertsonarekin hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZAk: Juan Alberto Gaztañaga zestoarrarekin, Gurutze Eizmendi errezildar eta Azpeitiko bizilagunarekin, Xanti Alkorta azpeitiarrarekin eta Arantxa Areizaga azkoitiarrarekin. Aktore lanetan aritu dira lehen biak, eta irudi taldeko kidea da hirugarrena.

Juan Alberto Gaztañaga: "Lehen aldiz parte hartu dut film batean, eta oso esperientzia ona izan da"

Juan Alberto Gaztañaga, 'Korosagasti' filmeko une batean. (Korosagasti)

Zestoako Antzerki Eskolan ibiltzen naiz ni, duela zazpi urtetik edo. Asier Sustaetak gure lanak ikusi izan ditu, eta filmerako aktoreak behar zituela eta, gugana jo zuen. Hori horrela, gure taldeko jende dezentek parte hartu du pelikulan; tartean nik. Epailearen rola jokatzen dut nik, eta, egia esan, dezenteko pisua du pertsonaiak filmean. Korosagasti baserriko krimena argitzen saiatuko da epailea.

Lehen aldiz parte hartu dut film batean, eta oso esperientzia ona izan da. Hori bai, hasieran pixka bat urduri sentitzen nintzen, galduta, sekula ez bainuen horrelako ezer egin. Nik antzerkia egin izan dut, baina amateur moduan, gustatu egiten zaidalako. Eta desberdintasun handia nabaritu dut antzerkiaren eta zinemaren artean: antzerkian entsegu pila bat egiten ditugu, eta film bat grabatzerakoan ez. Dena den, bere alde onak baditu zinemak: nahi adina aldiz errepika daiteke sekuentzia bat. Baina, bestalde, kontzentratzea ere askoz gehiago kostatzen da film bat grabatzerakoan. Hasieran egon nintzen pixka bat urduri, baina pixkanaka, egokitzen joan naiz.

Aurrestreinatu zenean ikusi nuen filma, eta oso sentipen arraroa bizi izan nuen; izan ere, sekula ez nuen neure burua pantaila batean ikusi, eta oso urduri egon nintzen. Gainera, oso kritikoa naiz, eta orduan, ezin dut azaldu pelikula nolakoa den, denbora guztian neure burua aztertzen egon bainitzen: "Hau ez duzu ondo egin, beste hau hobeto egitea bazegoen...". Asteburu honetan bi egunetan joango naiz filma ikustera, eta ea kritika hobea egiteko gai naizen [barreak].

Gurutze Eizmendi: "Giro ederra zegoen lantaldean, eta gozatu egin nuen grabatzen"

Gurutze Eizmendi, Jazintaren rolean. (Korosagasti)

Asier [Sustaeta] bera etorri zitzaidan esanez oso garbi ikusten zuela, gidoia idatzi zutenetik, Jazintaren pertsonaia nik egin behar nuela; Korosagastiko alabetako bat zen Jazinta, baserrian hil zituzten emakumeetako baten alaba eta bestearen ahizpaordea. Nik ilusioarekin jaso nuen filmean parte hartzeko proposamena, are gehiago, zuzendariak horren garbi ikusita pertsonaia horretarako ni nindutela buruan. Pertsonaiarekin ere oso gustura sentitu naiz.

Zer gertatu zen-eta hain garbi jakin gabe baina bai, banuen Beizamako krimenen berri eta banekien zeozer potoloa gertatu zela Korosagasti baserrian.

Egin dudan lehen film luzea da Korosagasti; film laburretan-eta lan egin izan dut, baina inoiz ez horrelako proiektu batean. Oso gustura joaten nintzen grabazioetara. Esklabetan hotz egiten zuen, eta alde horretatik baldintzak ez ziren, agian, egokienak. Baina oso giro ederra zegoen lantaldean, eta gozatu egin nuen grabatzen. Oso esperientzia ederra izan da.

Uste dut proiektuaren ezaugarriek, denak eskualdekoak eta ia denak edo denak amateurrak izate horrek, asko aberastu dutela proiektua bera. Bertako jendeak aukera izan du hemen inguruan gertatutako historia gogor bat antzezteko eta kontatzeko. Oso aberasgarria izan da.

Aurrestreinaldian ikusi nuen filma, eta oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Uste dut Erabakikoek egundoko lana hartu dutela eta ikusi egiten dela lan horren emaitza. Beraientzat ere lehen film luzea izan da hau eta iruditzen zait filmean azaltzea nahi zuten hori ondo azaltzen dela. Aktoreen lana ere oso ondo gelditu da. Nire partetik, zorionak eta chapeau lantalde osoari; eta berriz ere nirekin kontatu nahi badute, hemen nagoela!

Xanti Alkorta: "Oso harro nago noraino iritsi garen ikusita"

Asier Sustaetaren bidez iritsi nintzen Korosagasti filmaren parte izatera. Italian bizi nintzela, arratsalde batean, nirekin harremanetan jarri zen zuzendaria, eta garbi zuen ni nahi ninduela proiekturako.

Sekula ez nuen aurrez Beizamako krimenez ezer entzun; egia esan, harrigarria iruditzen zait inguruan halako istorio gogorrak gertatu eta denboran galdu izana.

Aurrez filmen grabaketa askotan parte hartu izan dut,  baina lehen aldiz izan naiz film luze baten irudi arduradun. Kontakizun bat filmatzen hasi aurreko sormen lan prozesua oso ederra da: pertsonaiak perfilatzea, egoeran kokatzea, xehetasun txikiak aztertzea... Txarrena, berriz, errodaje bateko atzerapenak dira.

Korosagasti proiektu txiki bat zen filmatzen hasi ginenean, eta orain, oso harro nago noraino iritsi garen ikusita. Oraindik ez dut filma osorik ikusi, zati batzuk baino ez ditut ikusi, baina irrikaz nago osorik ikusteko.

Filma ikustera joaten denak badaki istorioa nola bukatuko den, eta pelikulak pertsonaiak ezagutzeko eta suspentseaz gozatzeko aukera ematen du.

Arantxa Areizaga: "Dena posible dela erakutsi du ‘Korosagasti’ filmak"

Arantxa Areizaga, grabaketa egun batean. (Korosagasti)

Egunkari batean irakurri nuen Korosagasti proiektua gauzatzeko jendea behar zutela, eta asko pentsatu gabe, posta elektroniko bidez kontaktuan jarri nintzen sustatzaileekin; horrelaxe jarri ginen martxan.

Bi urte pasatu dira filma grabatzen hasi ginenetik, eta oso oroitzapen politak gordetzen ditut. Lehen bilerara joan nintzenean ez nuen inor ezagutzen, baina, berehala, giro ederra sortu zen taldean. Gainera, kuadrillako batek ere parte hartu du proiektuan. Denok genekien film amateur bat grabatzen ari ginela eta pazientzia garrantzitsua izango zela proiektua aurrera eramateko. Ondo oroitzen naiz Azpeitiko Esklabetan egiten genituen gaueko grabaketetaz: hotza eta umorea ez ziren falta lansaio horietan. Sortzeko eta interesak elkarbanatzeko gogoa genuen guztiok; hori izan zen ederrena.

Irudi taldean aritu naiz ni, batik bat script lanak egiten; hau da, filmaren raccorda mantentzen. Horretaz aparte, irudi taldekoei lagundu eta produkzioko lan batzuk ere egin ditut.

Dena posible dela erakutsi du Korosagasti filmak. Film amateur bat egiteak lan eta koordinazio handia eskatzen du, baina zuzendariak ikusarazi digu posible dela hori gauzatzea familia batekin eta lan eginda.

Aurrestreinaldian ikusi nuen filma, eta egia esan, aukera interesgarria da Beizamako istorio misteriotsua ezagutzeko, eta, batez ere, zinemagile berriengan konfiantza izateko. Itzul gaitezen zinema aretoetara, orain inoiz baino gehiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide