Osakidetzak gaur eguerdian zabaldu duen txostenak Zestoan positibo berririk ez dela egon jaso arren, azken orduetan herrian ezagutu diren PCR proben emaitzetan bost positibo berri azaldu direla baieztatu du Mikel Arregi Zestoako alkateak. Osakidetzaren txosten horretan atzoko egunez gauerdira arte baieztatutako kasuak jaso dituzte, baina gauerditik aurrera ezagutu dira aipatutako bos positibo berriak, alkateak azaldu duenez; Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren biharko txostenera gehituko lituzkete, beraz, bost positibo horiek, gaurko egunean zehar agertu litezkeen besteekin batera.
SARS-CoV-2 birusaren agerraldiaren datuak eguneratuta eta zehaztuta, egoera "egonkortzen" ari dela, "transmisio komunitarioa baztertuta" gelditu dela eta "printzipioz, agerraldia kontrolpean" dagoela adierazi du Arregik. Ondorioz, azken egunetan agerraldiari aurre egiteko udalak hartu dituen neurriak "epe motzean leuntzen" joatea aurreikusten dutela aurreratu du. Hala ere, alkateak azpimarratu du gaur-gaurkoz ezin dutela zehaztu ez gune publikoak, ez tabernak noiz irekiko dituzten; tabernariekin berriro elkartzekoak direla esan du, hori bai.
Koronabirusaren agerraldia dela-eta itxita dago joan den ostiraletik adinekoen Eguneko Zentroa ere, eta itxita jarraituko du, printzipioz, datorren astera arte behintzat. Herriko ikastetxeari dagokionez, konfinatuta jarraitzen dute aurreko astean positibo eman zuen ikaslearen ikaskideek, eta itxita dago LH2ko gela. Haur horren ikaskideei egunotan PCR probak egiten ari zaizkie.
Bestetik, Oroimen Asteko ekintza guztiak ere bertan behera utzi ditu udalak. Aurrerago berreskuratzeko asmoa dute, baina momentuz ez dute data berririk finkatu.