Zestoan egunotan izan den koronabirus agerraldia dela eta, Oroimen Astearen baitan aste honetarako antolatuta zituzten ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du Zestoako Udalak. Oroimen Astea programatu eta egin ezinik geratuko diren bigarren aldia da honakoa. Martxoan, alarma egoerak eta konfinatzeko aginduak behartu zuten udala ekitaldi guztiak bertan behera uztera; oraingoan, berriz, azken egunotan herrian koronabirus kasuak ugaritu izanak bultzatu du erabaki hori hartzera.
Dena den, bigarren aldi honetan, Oroimen Asteari hasiera emateko aukera izan dute. Aurreko asteazkenean, hilak 16, Lourdes Herrasti historialariak Errepresioa genero ikuspegitik hitzaldia eman zuen, eta ostegunean, hilak 17, jarri zuten martxan Oroimen Bulegoa. Egun horretan, baina, herrian kasu positiboen kopurua hazten hasi zela jakinarazi zuen Osasun Sailak, eta horregatik, igandean Bigarren Errepublikako Zestoako azken udal korporazioari egitekoak ziren omenaldia atzeratzea erabaki zen udalak. Oroimen Astearen barruan aste honetarako antolatuta zituzten ekitaldiekin ere gauza bera egitea erabaki du gaur, eta momentuz, bertan behera utzi ditu.
Horrenbestez, bihar, asteazkena, Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta Defentsa Sistema izenburupean Karlos Almorza historialaria ematekoa zen hitzaldirik ez da izango, eta ostegunerako aurreikusitako Oroimen Bulegoaren irekiera ere atzeratu egingo dute. Dena den, aurrez aurreko zerbitzurik eskainiko ez duten arren, bulegoa martxan izango dela jakinarazi du Zestoako Udalak, eta testigantzak edo informazioa eman nahi duten herritarrek 943 466 142 telefono zenbakira deituta edo memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita egin dezaketela hori.