COVID-19 gaitzaren agerraldia eragin nabarmena izaten ari da Zestoan joan den astetik, baina gaur are nabariagoa izan da eragin hori, agerraldiari aurre egiteko neurri nagusiak martxan jarri baitituzte. Udalak iragarri bezala, gaurtik eta egoera kontrolpean izan arte, herriguneko ekipamendu publikoak eta taberna guztiak itxita egongo dira. Horrela, kaleak ia hutsik ikus zitezkeen gaur goizean, herritarrek ere ahal den neurrian mugatu egin baitituzte beren jarduerak.