Herriguneko ekipamendu publikoak eta taberna guztiak itxiko dituzte Zestoan bihartik aurrera

Mailo Oiarzabal 2020ko irailaren 20a

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin hitz egin ondoren, "oraindik transmisioa komunitarioa izan denik esateko moduan ez" dauden arren, "egoera kontrolpean dagoela ziurtatu arte neurriak" hartzea erabaki du udalak. "Harreman sozialak murriztea" gomendatu eta "lasaitasuna eta sosegua" eskatu ditu erakundeak.

Zestoako herrigune nagusiko udal ekipamendu guztiak itxita izango dira bihartik, "bestelakorik adierazi arte". Erabaki hori hartu eta jakinarazi du gaur udalak. Herrian aste honetan izan den COVID-19 gaitzaren agerraldiari aurre egiteko azken egunetan hartu duen erabaki katearen azken katebegia da, momentuz, gaurkoa: ostegunean, astebururako iragarritako ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuen udalak, eta atzo jakinarazi zuen liburutegia itxiko zutela astelehenetik aurrera. Bestetik, Eguneko Zentroa ere itxi egin zuten herenegun arratsaldean, adinekoen egoitzan eta etxebizitza tutelatuetan ezarrritako babes beurrien ildotik.

Bihartik aurrera, berriz, liburutegiaz gain itxita izango dira liburutegi azpiko aretoa, kiroldegia, Iraetako futbol zelaia, Kultur Etxea, Gaztetxea, Gaztelekua eta osasun etxe zaharra, eta zentro txikia. Udaletxea irekita egongo da, baina "udalarekin egin beharreko gestio guztiak ahal bada telefonoz edo Internet bidez egitea" eskatu die udalak herritarrei, "eta horrela ezin bada, egin beharrekoak apur bat atzeratzea".

Tabernak ere itxiko dituzte

Positiboen agerraldiaren eraginez, azken egunetan zenbait tabernak ere ateak itxi dituzte Zestoan, prebentzio gisara. Bihartik aurrera, berriz, herriguneko taberna guztiak egongo dira itxita, udalak jakinarazi berri duenez. Udalak tabernariekin hitz egin eta erabakia adostu ondoren itxiko dituzte tabernak.

Lasaitasuna eta erantzukizuna

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin hitz egin ondoren hartu ditu azken erabakiak Zestoako Udalak. Ezarriko dituen neurrien berri emateko zabaldu duen bandoan, "positiboek gora egiten jarraitzen dutela" dio udalak. Orain arte agertu diren positiboen kopurua "garrantzitsua" da, udalaren esanetan, Zestoako biztanleria kontuan hartuta; eta "oraindik transmisioa komunitarioa izan denik esateko moduan ez" dauden arren, agerraldiak "adin eremu guztietan eragin" duela kontuan hartuta, "egoera kontrolpean dagoela ziurtatu arte neurriak" hartzea erabaki du udalak.

Neurriak eta horiek hartzearen arrazoiak azaltzearekin batera, herritarrei zuzendutako mezuak zabaldu nahi izan ditu udalak. Batetik, "egoerari aurre egiteko orain arteko gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa" dela dio bandoan, eta "harreman sozialak murriztea" gomendatu du. Bestetik, "lasaitasuna eta sosegua" eskatu ditu udalak: "Denok zentzuz eta erantzukizunez jokatzen badugu, bat bateko gorakada hau berehala kontrolpean izango dugu, eta hori da une honetan herritar guztion artean lortu beharreko helburua".

Bihartik indarrean izango diren neurriek eragingo dituzten eragozpenengatik "barkamena" ere eskatu du udalak, eta "gaitzak erasanda dauden herritar guztiei animorik beroenak eman" dizkie.

634 positibo berri Hego Euskal Herrian

Azken orduetan, Hego Euskal Herrian behera egin dute SARS-CoV-2 birusa atzemateko PCR probetan positibo eman dutenak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur emandako datuen arabera, guztira 634 kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.357 PCR proba egin zituzten atzo, herenegun baino 557 gutxiago, eta 447 pertsonek eman dute positibo, aurreko egunean baino 151 gutxiagok. Lurraldeka, Araban 68 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, Bizkaian 227 eta Gipuzkoan 149; horiez gain, hiru lurraldeotatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere positibo eman zuten. Atzo beste 25 lagun ospitaleratu behar izan zituzten COVID-19 gaitzak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 359 lagun daude gaitz hori dela-eta ospitaleetan, eta horietatik 53 Zaintza Intentsiboen Unitatean (ZIU) daude egun.

Udalerrietako datuak eta R0 indizearena ez ditu ematen asteburuetan jaurlaritzaren Osasun Sailak. Bihar, astelehena, eguneratuko ditu horiek.

Nafarroan, bi pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 557 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.319 PCR proba egin dituzte, bezperan baino 514 gutxiago, eta 187 kasu positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 147 gehiago; beraz, egindako probetatik %8,06k eman dute positibo. Azken orduetan hamar lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn 27 pertsona daude gaur egun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide