Zestoako Udalak herriko liburutegia ixtea erabaki du, herrian eman den koronabirusaren agerraldia dela eta. Azken egunetan herrian sortu den egoeraren aurrean, astebururako iragarritako ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuen lehendabizi udalak, ostegunean. Herriko adinekoen egoitzetan ere neurriak hartu zituzten, irteerak eta bisitak behin-behinean etenaz. Atzo, goizean ateak ireki bazituen ere, Eguneko Zentroa itxi egin zuten arratsaldean. Gaur, berriz, astelehenean liburutegiak ez dituela ateak irekiko jakinarazi du Mikel Arregi alkateak.
Birusaren agerraldiaren bilakaerar adi jarraitzen dute Zestoan. Asteburuan Osakidetzak herriz herriko daturik ematen ez duenez esku artean kopuru zehatzik ez duten arren, "badakigu atzo ateratakoetatik aparte positibo gehiago atera direla", baieztatu du alkateak, eta gehitu du "itxura guztien arabera, positibo gehiago aterako" direla. Horregatik erabaki dute liburutegia ixtea; eta "ikusi egin behar", esan du Arregik, ez dute baztertzen-eta datozen egunetan neurri gehiago hartzea eta eraikin eta zerbitzu publiko gehiago ixtea edo mugatzea.
Positiboak gora Hego Euskal Herrian
Zestoan ez ezik, Hego Euskal Herrian ere gora egin dute SARS-CoV-2 birusa atzemateko PCR probetan positibo eman dutenak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur emandako datuen arabera, guztira 932 kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.913 PCR proba egin zituzten atzo, herenegun baino 747 gehiago, eta 598 pertsonek eman dute positibo, aurreko egunean baino 79 gehiagok eta egindako proben %6,03k. Lurraldeka, Araban 98 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, Bizkaian 266 eta Gipuzkoan 229; horiez gain, hiru lurraldeotatik kanpo bizi diren bost lagunek ere positibo eman zuten. Atzo beste 43 lagun ospitaleratu behar izan zituzten COVID-19 gaitzak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 334 lagun daude gaitz hori dela-eta ospitaleetan, eta horietatik 49 Zaintza Intentsiboen Unitatean (ZIU) daude egun.
Udalerrietako datuak eta R0 indizearena ez ditu ematen asteburuetan jaurlaritzaren Osasun Sailak. Astelehenean eguneratuko ditu horiek.
Nafarroan, bi pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 555 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.833 PCR proba egin dituzte, bezperan baino 21 gutxiago, eta 334 kasu positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 60 gehiago; beraz, egindako probetatik %10,8k eman dute positibo. Azken orduetan hamalau lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn hogei pertsona daude gaur egun.