Azken egunotako koronabirus agerraldiak bultzatuta, Zestoako Eguneko Zentroa ixtea erabaki dute

Aitziber Arzallus 2020ko irailaren 18a

Gaitzaren bilakaerari adi egongo direla adierazi du Mikel Arregi alkateak, eta ez du baztertu datozen egunetan neurri gehiago hartu behar izatea.

Azken egunotako koronabirus agerraldiak kezkatuta ditu Zestoako herritarrak. Herenegun bost positibo eta atzo beste sei zenbatu zituen Osakidetzak herrian, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak transmisio komunitariorik dagoenik esan ez duen arren, Mikel Arregi alkatearen arabera, horrela izan daitekeenaren “zantzu guztiak” daude. Hori dela eta, gaitza hedatzea saihesteko, hainbat neurri hartu ditu udalak. Atzo jakinarazi zuen asteburuan herrian egitekoak ziren ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki zuela, eta gaur arratsaldean San Juan adinekoen egoitzako bisitak eta apartamentu tutelatuetako irteerak galaraztea eta Eguneko Zentroa ixtea erabaki du.

PCR proban positibo eman dutenez gain, koarentenan dago hainbat herritar; tartean, udal korporazioko kideak eta musika bandakoak. Gaitzaren bilakaerari adi egongo direla adierazi du alkateak, eta ez du baztertu datozen egunetan neurri gehiago hartu behar izatea, eraikin publikoak ixtea kasu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide