Astebururako antolatutako kultur ekitaldiak bertan behera utzi ditu Zestoako Udalak

Andoni Elduaien 2020ko irailaren 17a

Sei kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak Zestoan atzo, eta ondorioz udalak kultur ekitaldi guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu du, egoera "kezkagarria" dela azalduta.

Zestoako Udalak bertan behera utzi ditu astebururako antolatuta zituen kultur ekitaldi guztiak. Udalaren iritziz, COVID-19ak "egoera kezkagarria" sorrarazi du Zestoako herrigunean, "hainbat kasu atzeman direlako" eta "herriguneak, bildua izateagatik, transmisiorako dituen baldintzengatik". Izan ere, atzo, asteazkena, Osakidetzak PCR probetan sei kasu atzeman ditu Zestoan, eta bat herenegun.

Udalak nabarmendu du, 'Udan zer Zestoan' egitasmoko ekitaldiak "segurtasun eta higiene berme guztiekin" antolatu izan dituela, baina orain azaldu du, "prebentzio gisa" eta "erantzukizunez jokatu beharra" dagoela. Hori horrela, biharko aurreikusita zegoen Itxaropena dantza taldearen emanaldia, larunbateko 'Arineketan' ekitaldia eta igandean Errepublika garaiko azken udal ordezkariei egitekoak ziren omenaldi ekitaldia bertan behera uztea erabaki du Zestoako Udalak.

Ekitaldietan parte hartzekoak ziren herritarrei "eragozpenak barkatzeko" eskatu die udalak, eta "konpromisoa" hartu du asteburuan egin ezingo diren ekitaldiak "ahal bezain pronto" berriz programatzeko. Horrez gain, Zestoako Udalak "arduraz" jokatzeko deia luzatu die herritarrei, eta osasun gomendioak "betetzen jarraitzeko" eskatu die zestoarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide