Betiko kantak, eraberrituta

Olaia Juaristi 2020ko irailaren 17a

Elkarrekin ondu duten 'Arineketan' diskoa aurkeztuko dute Iñar Sastrek eta Jagoba Astiazaran zestoarrak larunbatean, Zestoako plazan (19:00). ‘Udan zer Zestoan?’ egitarauaren azken hitzordua izango da.

Arineketan diskoa lagunarteko giroan sortu dutela dio Jagoba Astiazaran (Zestoa, 1986) txistulariak. Iñar Sastre pianistarekin batera, hamahiru piezaz osatutako bilduma "dibertigarri eta dantzagarria" kaleratu dute. Elkarrekin hainbat proiektutan parte hartu izan dute –besteak beste, dantza talde bateko musikari ere izandakoak dira–, baina inoiz ez zuten ematen pausoa bien artean proiektu bat egiteko, azkenean eman duten arte. "Dantzaren munduan, txistuarekin eta pianoarekin zerbait berritzailea egin nahi izan dugu".

Juan Ignazio Iztuetaren 250. urteurrena zen proiektua sortzeari heldu ziotenean, eta Iztuetak duela 200 urte, 1824an, euskal doinu eta hitz zaharren bilduma bat osatu zuen. Hori baliatuta, lan haiek gaur egunera ekartzea otu zitzaien. "Doinu eta erritmo tradizionalei gaur egungo ukitu bat eman nahi genien, modernizatu, tartean jazz ukitu baten bidez. Hori izan zen proiektuaren muina. Hortik aurrera, dibertitu egin gara, eta ahalik eta disko alaiena egin dugu, dantza aitzakia izanda", azaldu du Zestoako musikariak.

Sortzeko modua "oso azkarra eta inprobisatua" izan dela gaineratu du Astiazaranek. "Ondoren landu egin badugu ere, biziak gara sortzen, biok musikari profesionalak izanda. Horregatik, diskoaren izena aproposa iruditu zitzaigun, nahiko arineketan grabatu dugu eta. Gainera, lanaren izenak dantzarekin zerikusia izatea nahi genuen, eta badu arin-arinaren tankera".

Dantza eta sehaska kanta

Musikaren munduan, bikote klasikoa da txistuak eta pianoak osatutakoa; normalean, txistua da protagonista eta pianoak laguntzen du. Baina, oraingoan, bi instrumentuek pisu bera izatea nahi zuten. "Diskoaren lehen hiru minutuak, esaterako, piano hutsarekin hasten dira; ez dago txisturik. Broma gisa, betiko aurreskua guztiz eraldatzen du Sastrek, hiru modutan. Pixka bat geureganatu edo aldatu egin dugu aurreskua", dio Astiazaranek. Bestalde, Haurrak lotaratzeko soinua plazaratu dute diskoaren aurkezpen kanta gisara, disko osoan dantzagarria ez den bakarra; Ainara Ortegak eta Eñaut Elorrietak jarri diote ahotsa kantu horri, eta Ivan Casadok biolontxeloarekin parte hartu du piezan. Abestiaren bideoklipa, berriz, hainbat herritarrek bidalitako bideoekin osatu dute. "Abesti hori ere duela 200 urte Iztuetak jasotakoa da. Zer pentsatua eman zigun kanta izan zen; hitzak oso sinpleak dira, eta euskal sehaska kantetan askotan gertatzen den moduan, aitatasunaren kritika bat dago. Zalantza askoren ondoren, kanta kontrastatzea erabaki genuen, irudiekin eta soinuarekin. Lehengo kantak berreskura daitezkeela erakutsi du horrek, baina testuinguruan kokatuta eta gaur egungo aldaketak erantsita. Modu horretan lortzen den eragina handiagoa da, agian: hartu berdintasunaren kontrako hitzak, eta bihurtu berdintasunaren aldarri".

Gainerakoan, diskoa dantza taldeetan erabiltzeko material gisa aproposa izango dela uste dute egileek. Hala dio zestoarrak: "Dantza talde asko berritzen ari dira beren koreografiak, eta horretarako, askotan hartzen dituzte kanpotik etorritako doinuak. Gure nahia da jendeari erakustea bertan badagoela materiala eta posible dela euskal musika tradizionala eguneratzea. Ezin dugu orain dela 200 urte bezala jo edo entzun, baina geurea den material bat ere erabil daiteke, eraberrituta. Musika tradizionaletik haratago bila dabilen publiko horrengana iritsi nahi dugu".

Etzi, aurkezpen ekitaldia

Etzi aurkeztuko dute diskoa Zestoako plazan Sastrek eta Astiazaranek, 19:00etan, baina "oso ezberdin" prestatu dituzte bi proiektuak, diskoa eta zuzenekoa, Zestoako musikariaren esanetan: "Garbi genuen ikuskizuna bestelako zerbait izan behar zela; ikuslearentzat emanaldi ikusgarri bat. Horregatik, taldean hainbat instrumentu sartu ditugu pianoaz eta txistuaz gain. Xabi Zeberio biolin jotzailea eta Agate Amilibia biolontxelo jotzailea gurekin ariko dira oholtzan, eta Ainara Ortegak hainbat abesti kantatuko ditu; guztia borobiltzeko, Haatik dantza konpainiakoak izango dira ikuskizunaren gidari. Luxua da horrelako bidelagunekin aritzea. Ikuskizun potoloa izango da".

Pandemia garaiotan, ikusle kopurua mugatua izango da emanaldian; 200 lagunentzako tokia egongo da plazan, eta zestoarrei emango zaie lehentasuna. "Emankizun hau inguruko herri gehiagotan ematea nahiko genuke, horrelako ahalegina egin ondoren. Pena da hain edukiera mugatua izatea", adierazi du Astiazaranek.

Udan zer Zestoan? egitarauaren azken hitzordua izango da Arineketanen aurkezpen emanaldia. Sarrerak Zestoako turismo bulegoan daude eskuragarri. Doan jaso ahalko dira gonbidapenak, baina emanaldia ikusi nahi dutenek aurrez eskatu beharko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide