Amancay Gaztañaga: "Entzuleak soinu urbanoagoak topatuko ditu ‘Talisman’-en"

Anartz Izagirre 2020ko ira. 11a, 09:45

'Talisman’ aurkeztuko du Grisesek irailaren 18an, eta Azpeitian emango dute birako lehen kontzertua, hilaren 26an. "Egoera berrira egokitzen" ari direla azaldu du Amancay Gaztañagak.

Seigarren diskoa plazaratuko duzue datorren irailaren 18an. Nolakoa da Talisman?

Beti egin ohi dugun moduan, soinu desberdinekin esperimentatu nahi izan dugu Talisman diskoan ere. Grisesen tropikaltasunaz gain, entzuleak soinu urbanoagoak topatuko ditu lan berrian, horretan zentratu baikara disko honetan. Orain arteko lanekin alderatuta, soinuen hitzak zuzenagoak dira Talismanen; eboluzio natural baten barruan izan bada ere, badago aldaketa txiki bat.

Botere ezberdinak izan ditzakeen objektua da talismana.

Hala da. Disko berriko abesti baten izena ere bada Talisman, eta abesti horrek musikariok bizi dugun estresaren inguruan hitz egiten du: diskoak atera beharra, elkarren artean dagoen inbidia eta abar. Abestiko pertsonaiak dio talisman bat eduki nahiko lukeela estres hori saihesteko. Asko gustatzen zait hitz hori; objektu horrek barruan abesti pila bat ditu, eta kantu horiek eman diezazukete behar duzun boterea momentu batzuetan.

Pandemiak bete-betean harrapatu zintuzten, eta diskoaren aurkezpena eta bira atzeratu behar izan zenituzten.

Ezjakintasuna eta tristura handia eragin zigun pandemiak. Gaur egun, disko bat ateratzean biran azkar hasten ez bazara, diskoa galdutzat ematen da. Bereziki musikariok pairatu dugu krisi hau, eta ezjakintasun handiarekin bizi izan genuen eta bizi dugu guztia. Artistok aurrera jarraitu behar dugu, eta espero dugu Talisman ahalik eta gehien zabaltzea. Diskoa tiraderan gelditzeak pena emango liguke.

Disko berriko Amazonia arde eta Veneno abestiak igo zenituzten urte hasieran plataforma digitaletara. Zer-nolako harrera izan dute?

Oso harrera ona izan dute. Amazonia arde urtarrilean atera genuen, eta entzunaldi asko izan zituen sarean. Veneno, berriz, konfinamenduan geundela atera genuen, konfinatu baino lau egun lehenago grabatu baikenuen. Abestiaren bideoklipa editatzea eta plazaratzea oso garai aztoratuan egokitu zitzaigun, eta nik uste abesti hori orain hasiko dela jendartean zabaltzen.

Zer-nolako abestiak topatuko ditu entzuleak disko berrian?

Abesti desberdinak daude disko honetan; erritmo eta soinu urbanoen adibide garbia da Veneno. Bestalde, badago Grisesen betiko rocka ere, eta hori Willis Drummondeko Jurgi Ekizarekin grabatu dugun Galdu arte abestian ikus daiteke. Betiko tropikaltasuna ere presente dago, Amazonia arde abestian.

Zuen lehen diskoa da kolaborazioak sartu dituzuena.

Bai, lehen aldia izan da, eta oso gustura gaude kolaborazio horiekin. Jurgi Ekizaz gain, Rufus T. Firefly taldeko Victor Cabezuelok ere kolaboratu du disko honetan. Guretzat bi talde erreferrenteak dira horiek, eta esperientzia ederra izan da.

Gaztain estudioetan grabatu duzue diskoa. Nolakoa izan da sortze prozesua?

Prozesua oso lasaia izan da. Epe bat egoten da diskoa aurkezteko festibaletan sartu nahi izanez gero, eta pila bat aurreratu ginen disko honen grabaketan. Gero, bat-batean, hau guztia gertatu zen, eta orain ez dakigu zein denboratan gauden ere.

Elkarrizketa batean esan zenuten zuzenean jotzeko diskoak egiten dituzuela. Ez da egoerarik erosoena zuzenekoetarako.

Oso garai aldrebesa da, baina gu saiatuko gara ahal den neurrian egoera berrira egokitzen. Grises oso talde kañeroa da, eta jendea kontzertua ikusten eserita eta maskararekin egotea arraroa da. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean emango dugu birako lehen kontzertua, irailaren 26an, eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Horrez gain, baditugu beste hainbat kontzertu lotuta, Gasteizen eta Madrilen, adibidez. Bestalde, datorren udan hainbat festibaletan ere arituko gara.

Hamarkada bat agertokietan, eta sei disko. Nolakoa izan da Grisesen bilakaera urte hauetan guztietan?

Aldaketa handienak Antonio Diniz bateria-jotzaileak eta Raul Olaizola baxuak taldea utzi zutenean izan ziren. Horiek dira beharbada izan ditugun momenturik gogorrenak. Taldean milaka esperientzia bizi izan ditugu, eta askotan esaten dugu liburu bat idatzi beharko genukeela bizitako guztiarekin. Urte hauetan guztietan bilakaera garrantzitsuena pertsonala izan da, Grisesen hasi ginen gaztetxo horiek zenbat aldatu garen ikustea. Uste dut orain pixka bat pertsona hobeak garela [barrez].

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide