Gurutzeko salmenta makinetako baten kristala hondatuta eta hainbat autoren gurpilak zulatuta. Gisa horretara esnatu ziren atzo Zestoan, Amabirjin egunaren biharamunean. Festarik ez dute ospatu aurten Zestoan, baina beste era bateko festan ibili ziren batzuk, eta gertaera horiek salatzeko eta bere "kezka" agertzeko oharra plazaratu du udalak.
Udalaren esanetan, atzo goizaldekoak azken bi asteetan "ordu txikietan hainbat taldek" egindako txikizioen azken aleak izan dira. "Ez da lehen aldia hainbat herritarrek ekintza berdintsuak edo antzerakoak egiten dituztela. Gertaera horiek erabat arbuiagarriak eta arduragabeak kontsideratzen ditu udalak, eta herriko lasaitasun giroa guztiz apurtzen dute", dio oharrean.
Gertaera horiek eta "txikizioak egiten dituzten herritarren jarrera" salatu nahi izan ditu udalak. Era berean, eta "udalak har ditzakeen neurri zorrotzez aparte", dei egin die udalak herritarrei, "ahal duten neurrian" horrelako ekintzen aurrean "jarrera aktiboa" har dezaten.