Zestoan berriro heldu diote oroimen historikoa ikertzeko egitasmoari

Nerea Uranga 2020ko irailaren 9a

Otsailean aurkeztu zuten oroimen historikoa aztertzeko egitasmoa Zestoako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Martxoan abiatu zuten lehen fasea, ‘Zestoa, Gerra Zibila eta oroimen historikoa 1936-1945’ ikerketa. Pandemiaren ondorioz, ordea, egitasmoaren barruan antolatutako ekitaldiak bertan behera gelditu ziren. Berriro ekin diote gertatutakoa azaleratzeari, eta Oroimen Astea antolatu dute irailaren 16tik 27ra bitartean.

Joan den otsailaren bukaeran aurkeztu zuten Zestoako oroimen historikoa ikertzeko Zestoako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak egindako hitzarmena. Egitasmoaren lehen fasea Zestoa Gerra Zibila eta oroimen historikoa 1936-1945 da, eta fase horren barruan hainbat ekitaldi antolatu zituzten martxorako. COVID-19 gaitzak eragindako larrialdi egoeraren ondorioz, ordea, antolatutako hitzaldi bakarra egiteko aukera izan zuten. "Lan hau egiteko ilusio handiarekin gaude, ondoko herrietan egin dituzte eta egiteko geneukan Zestoan. Pandemiak bertan behera utzi zuena berriro abian jarri dugu orain", esan du Mikel Arregi Zestoako alkateak.

Hilabete hauetan oroimen historikoa ikertzen jardun dute, eta orain bertan behera gelditutako ekitaldiei berriro heldu diote udalak eta Aranzadik, eta hil honen 16tik 27ra hitzaldiak, omenaldi ekitaldiak eta ibilaldia antolatu dituzte, Oroimen Astearen barruan.

Herritarren ekarpenak
Oroimenaren Bulegoa ere zabalduko dute irailaren 17an eta 24an udaletxeko beheko solairuan herritarren testigantzak eta ekarpenak jaso ahal izateko.

Zestoako oroimen historikoa aztertzeko asmoak herrian jazotako gertaeren "egia objetiboa" jakitea du helburu, Arregiren esanetan. Horretarako garrantzitsua da herritarren lekukotasunak, oroitzapenak edota etxeetan jasota daudenak biltzea, hala nabarmendu du Jone Zuloaga Aranzadi zientzia elkartekoak. "Guk artxibo desberdinak kontsultatuko ditugu, baina etxeko espazio horietan gordeta egoten diren argazkiak, dokumentuak eta oroitzapenak oso garrantzitsuak dira". Horregatik, herritarrak beren ekarpenak egitera deitu eta animatu ditu Oroimenaren Bulegora joanda, 943-46 61 42 zenbakira deituta edota mezua idatzita memoria@aranzadi.eus helbidera. Egitasmoa aurrera doan heinean, Aranzadikoak ere jarriko dira harremanetan "errepresioa jasan zuten zestoarrekin".

Urtemugari helduta
Udalak udazkenerako utzita zeuzkan bi egitasmori ere helduko dio orain. "Zestoan indar frankistak 1936ko irailaren 21ean sartu ziren, eta ondorioz herritik alde egin behar izan zuten askok eta herritarrek aukeratutako garai hartako udal hura indarrez kendu zuten. Haiei aitorpen bat egitea da gure asmoa", azaldu du alkateak. Horregatik, irailaren 20rako Udalbatza hartako hamar kideak omentzeko ekitaldia antolatu du udalak, udaletxean. "Egungo egoerara baldintzatutako ekitaldia izango da. Baina jakitun gara Zestoako herritar guztiek bat egiten dutela ekitaldiarekin", adierazi du Arregik.

Irailaren 27an, berriz, Ezkabako presondegira (Iruñea) irteera egingo dute. Alkateak gogoratu du 1938ko maiatzaren 22ko Ezkabako ihesaldian bi zestoarrek parte hartu zutela: Pedro Aretak eta Agustin Unanuek.
Ekitaldiak pandemiak eragindako "baldintzatutako egoeran" egin beharko dituzte: "Pena da horrela egin beharra. Dena den, antolatzea erabaki da, ez dakigu eta noiz egin ahalko ditugun beste modu batean".

OROIMENAREN ASTEA
Irailaren 16tik 27ra bitartean egingo dituzte Zestoan Oroimen Astearen barruko hitzaldiak eta ekitaldiak. Guzti-guztiak COVID-19 gaitzak eragindako egoerara moldatuta egingo dira. Babes neurriak hartuko dituzte ekitaldietan eta aforoak mugatuak izango dira.

- Oroimen bulegoa
Irailaren 17an eta 24an. Bi egun horietan egongo da bulegoa zabalik udaletxeko beheko solairuan, bertaratu nahi duten herritar guztientzako. 10:00etatik 13:00ak arte eta 15:00etatik 18:00ak bitartean irekiko dute bulegoa. Bertaratu ezin dutenek 943-46 61 42 telefono zenbakira deitu dezakete edota mezu bat idatzi memoria@aranzadi.eus helbide elektronikora.

- Hitzaldiak
- Irailak 16, asteazkena. Errepresioa genero ikuspegitik goiburu hartuta izango da hitzaldia, 19:00etan, Alonderoko kultur aretoan. Lourder Herrasti historialaria eta osteoarkeologian espezializatua izango da hizlaria. Aranzadi zientzia elkarteko kide ere bada Herrasti.
- Irailak 23, asteazkena. Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta defentsa sistema gaiaz izango da solasaldia. 19:00etan, Alonderoko kultur aretoan. Karlos Almorza historialaria eta Aranzadiko kidea izango da hizlaria.

-Omenaldiak eta ibilaldia
- Irailak 20, igandea. Bigarren Errepublikako Zestoako azken Udalbatzari omenaldia. 12:00etan izango da ekitaldia, udaletxean.
- Irailak 27, igandea. Ezkaba (Iruñea) presondegira ibilaldia egingo dute, 07:30ean Zestoako Gurutzetik irtenda. Han preso egondako zestoarrak omenduko dituzte. Ondoren, Olabeko hobia bisitatuko dute. Oinez hamalau kilometro inguruko ibilaldia izango da egingo dutena. Fermin Ezkieta Ezkabako presondegiaren historian adituak azalpenak emango dizkie irteerako parte hartzaileei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide