San Juan Fundazioko langileak omendu dituzte Euskal Herria Txapelaren finalean

Mailo Oiarzabal 2020ko irailaren 7a

Euskal Herria Kirolak, txapelketaren antolatzaileak, Euskal Herriko adinekoen egoitzetako langileei aitortza egin nahi izan die, eta Zestoako fundaziokoak eta Lizarrako Santo Domingo egoitzakoek aukeratu dituzte guztien ordezkari.

Futboleko IV. Euskal Herria Txapelaren finala jokatu zuten joan den larunbatean Donostian Realak eta Osasunak (1-0 irabazita jantzi zuten txapela donostiarrek), eta txapelketaren antolatzaileen eskutik omenaldia jaso zuten final horretan Zestoako San Juan Fundazioko eta Lizarrako (Nafarroa) Santo Domingo egoitzako langileek.

Euskal Herria Kirola elkartea da Euskal Herria Txapelaren antolatzailea; aurreko denboraldian Espainiako Ligan jokatutako euskal derbidetan puntu gehien batzen dituzten bi taldeek jokatu ohi dute txapela erabakitzen duen finala. Aurten, finalaren karietara Euskal Herriko adinekoen egoitzetako langileei aitortza egitea erabaki dute antolatzaileek, eta bi egoitzatako ordezkariak aukeratu dituzte horretarako, Gipuzkoakoa bata eta Nafarroakoa bestea -finaleko taldeak bezala-, eta berezitasun bat komunean dutenak, gainera; izan ere, koronabirusari aurre egiteko udaberrian ezarritako konfinamenduan, Zestoako San Juanen zein Lizarrako Santo Domingon langileek egoiliarrekin konfinatzea erabaki zuten.

San Juan Fundazioan "oso eskertuta" daude Euskal Herria Txapelaren antolatzaileekin beren lana eta egoitzetako langile guztiena aintzat hartu izanagatik, baina pena txiki bat ere badute. Izan ere, antolatzaileen hasierako asmoa zen egoitzetako langileen ordezkariek finalaren ohorezko sakea egitea eta, bukaeran, sari banaketan ere parte hartzea. Baina Espainiako Futbol Ligak koronabirusa dela-eta ezarria duen protokolok ezinezko bihurtu zuen, azkenean, antolatzaileen nahia betetzea

, eta Anoetako palkoan jaso zuten omenaldia Zestoakoek eta Lizarrakoek. Naiara Landak ordezkatu zituen San Juaneko langileak larunbateko ekitaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide