Grises taldeak disko berria argitaratuko du hilaren 18an

Olaia Juaristi 2020ko irailaren 4a

Zestoako musika taldeak ‘Talisman’ lan berriaren aurkezpen kontzertua emango du Sanagustin Kulturgunean, hilaren 26an.

Iazko apiriletik agertokietatik at ibili ostean, Zestoako Grises musika taldea bueltan da, eta Talisman izeneko disko berria kaleratuko du bi aste barru. Gainera, hilaren 26an, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean lan berriaren aurkezpen kontzertua eskainiko du, 22:30ean hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta hemen eros daitezke.

Amancay (ahotsa) eta Eñaut Gaztañaga (ahotsa eta gitarra), Alejandro Orbegozo (teklatua eta sintetizadoreak), Gartxot Unsain (baxua) eta Gaskon Etxeberria (bateria) anaiek osatutako taldeak bere seigarren diskoa loratu berri du. Eñaut Gaztañaga taldekidearen Gaztain estudioan grabatu eta nahastu dute azken lana, eta irailaren 18an emango dute argitara Victor Cabezuelo (Rufus T. Firefly) eta Jurgi Ekiza (Willis Drummond, Ekiza, EraBatera...) musikarien kolaborazioekin.

Aurtengo udaberrian, lan honetako bi abesti aurreratu zituzten, Veneno eta Amazonia arde, eta bizi dugun osasun krisiaren ondorioz, orain "inoiz baino indar handiagoz" ari direla lanean azaldu du taldeak. Hamar urteko ibilbidean parentesi labur bat egin ondoren, elektro-pop doinuekin itzuliko da Grises agertokietara, eta soinuari "beste buelta bat" emango diotela ere gaineratu dute taldekideek, "letrei protagonismo osoa kendu gabe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide