Zestoako San Juan fundazioko langileek omenaldia jasoko dute IV. Euskal Herria Txapela norgehiagokan

Julene Frantzesena 2020ko irailaren 4a

Euskal Herria Kirolak antolatzen du txapelketa, eta Zestoako San Juan nahiz Lizarrako San Jeronimo egoitzetako langileak omenduko dituzte pandemian izandako jarreragatik. Reale Arenan izango da partida, 20:30ean hasita; Realak eta Osasunak neurtuko dituzte indarrak.

Bihar, zapatua, IV. Euskal Herria Txapela jokatuko dute Realak eta Osasunak, eta partida horretan Zestoako San Juan fundazioko langileak omenduko dituzte, koronabirusa tarteko ezarritako larrialdi egoeran adinekoen zaintza bermatzeko egindako itxialdiagatik. Hain zuzen ere, martxoaren hondarrean hasita gauzatu zuten itxialdia Zestoako egoitzan.

Euskal Herria Kirolak antolatzen du txapelketa, eta haren arabera, Zestoako San Juan nahiz Lizarrako San Jeronimo egoitzetan izandako jarreragatik jasoko dute errekonozimendua beharginek. Gainera, bi egoitzetako ordezkariak Reale Arenan izango direla jakinarazi du Euskal Herria Kirolak.

Reale Arenan izango da partida, 20:30ean hasita, eta hainbat neurri hartuko dituzte harmailetan; izan ere, ez da ikuslerik izango, eta palkoan, gehienez, hamalau lagun izango dira. Neurketa zuzenean emango du ETB1ek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide