Udan Zer Zestoan? egitasmoaren barruan, Ezpalak eta Rodeo taldeek kontzertua eskainiko dute bihar, larunbata, Zestoako plazan. Kontzertuak erakarrita inguruko herrietatik Zestoara jendea joan zitekeela pentsatuta, garraio publikoa mugatzea adostu zuten udalak eta Gipuzkoako Foru Alundiak duela egun batzuk, baina orain, atzera egin du aldundiak.
Zestoako Udalak ohar bidez adierazi duenez, hainbat eskari jaso dituzte azken egunetan kontzertua bertan behera uzteko eskatuz, baina Mikel Arregi alkateak nabarmendu du ez dutela halakorik egingo: "Kulturak ez duela errurik diogu, musikak ez duela errurik diogu. Kultura segurua da, eta Zestoan erakutsi dugu neurri zorrotzak beteaz ekitaldiak arrakasta osoz egiteko gai garela".
Tabernariak neurriak "zorrotz" betetzen saiatuko zirela ikusita, eta herriko kaleetan jende pilaketak saihesteko asmoz, Foru Aldundiko Mugikortasun Sailari herriguneko geralekutik denbora tarte zehatz batean autobusik ez igarotzeko eskatu zion erakundeak —udalaren asmoa, larunbatean 17:00etatik 23:00etara herriguneko autobus geralekua kentzea zen—. Aldundiak, hasieran, onartu egin zuen udalaren eskaera, betiere bainuetxeko eta Iraetako geralekuak kentzen ez baziren; Mugikortasun Saileko zuzendaritzak, ordea, baimen hori ez ematea erabaki du azkenean.
Erabaki horren harira, alkateak nabarmendu du ez dutela ulertzen aldundiaren erabaki berria: "Komunikabideetan denok ikusi dugu hainbat herritan askoz neurri murriztaileagoak nola hartu diren: herriak itxi, garraio publikoa guztiz ezabatu...", gehitu du Arregik. Era berean, alkateak azaldu du COVID-19ari aurre egiteko "ez dagozkien eskumenak" bete behar izan dituela udalak: "Goiko erakundeek betetzera behartu gaituzten neurriak, nahiz eta horietako batzuk zentzugabeak izan, leialtasun osoz betetzen ari gara. Aldiz, kogobernantza hitza ahoz aho darabilten bitartean, Zestoako Udalak egindako ahalegina ez da aintzat hartu".
Gauzak horrela, bihar, larunbata, normaltasunez ibiliko dira autobusak Zestoako geraleku guztietan, eta udalak barkamena eskatu die herritarrei "sortutako endredoagatik".