Garraio publikoa mugatuta egongo da larunbatean Zestoan, gaueko kontzertua dela-eta

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 2a, 10:13

Ezpalak eta Rodeo taldeek joko dute plazan, Udan Zer Zestoan? egitasmoaren barruan. Ezartzen ari diren segurtasun neurriak direla eta, udalak kanpotik jendea joatea eragotzi nahi du. Bestetik, irailaren 8an egitekoa zen Zahagi Dantza bertan behera utzi dute.

Abuztukoa osatuta, datorren asteburuan estreinatuko dute iraileko egitaraua Udan Zer Zestoan? egitasmoaren barruan.

Aurten bertan behera utzi dituzten herriko eta auzoetako jaien trukean herritarrei zerbait eskaintzeko asmoarekin osatu zuten udalak eta herriko eragileek eta sortzaileek kultur ekitaldiz betetako egitaraua. Hain zuzen ere, koronabirusa tartean izan ez balitz, datorren asteburuan hasita ospatuko lituztekete Zestoan Amabirjina festak. Jairik ez dute izango, ordea, baina bai Udan Zer Zestoan?-en barruan hiru hitzordu: ostiralean, Udal Musika Bandak kontzertua emango du 19:00etan Euskal Herria plazan: larunbatean, ordu berean, Ezpalak eta Rodeo taldeek emango dute kontzertua herriko plazan; eta igandean, goiz eta arratsaldez, Buruarinak familian tailerra izango da kiroldegiko aterpean.

Neurri bereziak

Larunbateko kontzertuaren bueltan kezka sortu zaio udalari. Sarrerak agortuta dauden arren –200 lagunentzako tokia zegoen kontzerturako, plazako ekitaldi guztietan bezala–, ez-festen oihartzunak eta musika eskaintzak berak deituta herrian nahi edo komeni baino jende gehiago pilatzerik ez dute nahi antolatzaileek, eta neurriak hartzea erabaki dute.

"Ez dugu herria itxiko", dio Mikel Arregi alkateak, baina orain artean ez bezalako neurriak hartuko dituzte larunbatean. Besteak beste, garraio publikoa mugatzea adostu dute udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrela, 17:00etatik 23:00etara autobusak ez dira geldituko Zestoako herriko geraleku nagusian. Neurri horrekin, kanpotik Zestoara joan asmotan dabilen jendeari mezua igorri nahi diote, nolabait. Alkateak dio "sumatu" dutela "Gipuzkoako hainbat herritatik egun horretan Zestoara etortzeko asmoa" duen jendea badela, eta horiei helarazi nahi diete, hain juxtu, mezua: Udan Zer Zestoan? egitasmoko orain arteko ekitaldiak bezala, larunbateko kontzertua ere nagusiki zestoarrei zuzendutakoa izatea nahi dute, eta egitarau osoko hitzorduetan bezala, segurtasun neurri jakin batzuen barruan gauzatuko da emanaldia.

Zahagi Dantzarik ez

Udako ezohiko egitaraua "baldintza berezietan" egiten ari diren arren, "inpresio oso baikorra" dute orain artekoaz udalean. Eguraldia tarteko, Manez eta Kobreak taldeak ezin izan zuen jo, baina gainerako emanaldi guztiak egin ahal izan dituzte.

Bada, ordea, irailerako iragarritakoen artean egingo ez duten ekitaldi bat. Gaur bertan jakinarazi du Zestoako Udalak hilaren 8rako iragarria zuten Zahagi Dantza –azken urteetan jaietako azken egunean egin izan kalez kaleko ikuskizuna– ez dela egingo. Itxaropena dantza taldekoei "eskerrak" eman dizkie udalak, "ekitaldia prestatzeko hartutako lanak eta gero, hau bertan behera uzteko inolako eragozpenik jarri ez izanagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide