Martxan dira Arroa Beheko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2020ko irailaren 1a

Abuztuan hasi dituzte eta lau hilabeteko epean bukatuko dituztela aurreikusi du aldundiak; Campezo Obras y Servicios SA enpresak gauzatuko du proiektua. Biribilgunearen lanak osatzeko, autobus geltokietan zebrabidea eta bide berdearekiko lotura egingo ditu Zestoako Udalak. Lan horiek "epe motzean" hasiko dira eta Sasoi enpresari esleitu dizkio udalak.

Proiektuaren hainbat luzapen eta gero, azkenean martxan dira Arroa Beheko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko lanak. Abuztuan hasi ziren GI-631 eta N-634 errepideak gurutzatzen diren tokian trafikoa zuzenduko duen azpiegitura berria eraikitzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak Campezo Obras y Servicios SA enpresari esleitu dizkio lanak, eta lau hilabeteko epea ezarri du biribilgunea bukatzeko. Joan den martxoan, aurrekoa bertan behera utzi eta Arroa Behean biribilgunea eraikitzeko proiektu berria onartu zuen aldundiak; azken proiektu horren arabera, 604.335 eurokoa zen lizitazioaren oinarrizko aurrekontua.

Biribilgunearekin batera, bidegurutzetik gertu dauden autobus geltokien irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko semaforodun zebrabidea ere eraikiko dute laster Arroa Behean. Proiektu hori Zestoako Udalak gauzatuko du eta lanak "epe motzean" hasiko direla aurreratu dute. Sasoi enpresari esleitu diote proiektua, 177.000 euroko aurrekontuarekin. GI-631 errepidean egingo duten lan horiekin, era berean, Arroa Beheko herrigunea Iraetatik Narrondorako bide berdearekin lotuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide