Grises eta Elira taldeen larunbateko kontzertuak Zestoako kiroldegiko pilotalekuan izango dira

Anartz Izagirre 2020ko abuztuaren 27a

Eguraldi iragarpen txarra dela eta hartu du erabakia Zestoako Udalak. Emanaldirako sarrerak agortuta daude jada.

Datorren larunbatean, hilak 29, kontzertua eskainiko dute Grises eta Elira taldeek Zestoan. Hasiera batean emanaldia plazan egitea aurreikusten zuten, baina eguraldi iragarpen txarra medio kiroldegiko pilotalekuan izango dira bi kontzertuak. Dagoeneko agortuta daude kontzertu horiek ikusteko sarrerak.

Bestalde, irailaren 4an eta 5ean ere ekitaldiak izango dira Zestoan. Hilaren 4an, ostirala, Zestoako Musika Bandaren kontzertua izango da Foru plazan. Gaurtik aurrera eman daiteke izena kontzertu hori ikusteko, turismo bulegora deituta (943-86 88 12); izen-abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dira. Hilaren 5ean, berriz, Rodeo eta Ezpalak taldeen kontzertuak izango dira, baina dagoeneko ez da sarrerarik gelditzen.

Segurtasun baldintzak

Zestoako Udalak uda honetarako antolatu dituen gainontzeko ekintzetan moduan, datozen emanaldietan ere osasun eta segurtasun neurriak ezarriko dituzte. Emanaldira sartzerako ikusleen izen-abizenak egiaztatuko dituzte, eta tenperatura hartuko zaie horiei. Bestalde, ikusleek maskara eraman beharko dute emanaldira, eta eskuak desinfektatu beharko dituzte sartzerakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide