Udan zer Zestoan? egitasmoaren barruan, astebururako ekitaldiei eustea erabaki du Zestoako Udalak. COVID-19ak eragindako osasun krisialdiari lotuta bailaran sortu den egoera tarteko, Azpeitiko zein Azkoitiko alkateekin hitz egin duela jakianarazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak; hain zuzen ere, programatutako kultur ekitaldiekin jarraitu edo ez hausnartu zutela azaldu du hark.
"Azpeitian ekitaldiak mantendu dituztela ikusirik eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak abuztuaren 19an emandako aginduak ez du eragozpenik jarri kultur ekitaldiak egiteko", azaldu du. Eta horrenbestez, asteburuan Garikoitz Mendizabalen eta Gorka Hermosaren kontzertua, bertso saioa nahiz Manez eta Kobreak taldearen emanaldia gauzatu egingo dituzte.
Udalak azaldu duenez, higiene eta segurtasun neurriak "zorrotz" betearaziko dituzte, eta "derrigorrezkoa" izango da maskara jantzita izatea emanaldian. Gainera, tenperatura hartuko diee herritarrei, eta ikuskizunak irauten duen bitartean, "oso premiazkoa" ez bada, herritarrek ezingo dute eserlekutik mugitu. Horrez gain, sartzerakoan eta irteterakoan segurtasun distantzia mantendu beharko dute herritarrek. Zestoako alkateak azaldu duenez, "arduraz" jokatzeko unea da, eta herritarrei osasun gomendioak betetzen segitzeko deia egin die hark.
Ostiralean, 19:00etan hasita, kontzertua eskainiko dute Garikoitz Mendizabalek eta Gorka Hermosak plazan. Zapatuan, berriz, Jon Maiak, Aitor Mendiluzek, Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak bertso saioa eskainiko dute (19:00), plazan. Eguraldi txarra egiten badu, baina, kiroldegiko aterpean izango dira bi ekitaldiak.
Igandean, berriz, Manez eta Kobreak taldearen kontzertua izango da, eta ekitaldiaren behar teknikoak eta emanaldira joateko izena eman duten herritarren kopurua kontuan hartuta, non egin zehazteko du udalak. "Ostiralean edo larunbatean zehaztuko dugu Foru plazan edo beste lekuren batean izango da. Eta bertan behera uztea, eta hurrengo batean, baldintza egokiagoak daudenean eskaintzea ere ez da baztertzen", azaldu du Mikel Arregi alkateak.