Eguzki talde ekologistak Zestoako Iraeta auzoko Errota industrialdeari lotutako bigarren salaketa plazaratu du gaur, asteazkena. Joan zen abuztuaren 12an ibaiko isuri baten berri eman zuen taldeak, eta gaur ibai ondoan jarritako burdin sarearen zati bat falta dela jakinarazi du. "Udalak duela hilabete batzuk baranden beheko aldean jarritako 335 metroko burdin-sarearen zati batzuk lapurtu egin dituzte", azaldu du taldeak.
Burdin sareak espaloietan eta inguruetan botata gelditzen diren zaborrak ibaira eror ez daitezen eta ibaia babesteko jarri zituen udalak, Eguzkiren eskariz. Taldeak gogorarazi duenez, urteko milaka tona plastikok eta zaborrek bukatzen duten ibaietan: "Ibaietan lehenik, eta itsasoan ondoren, utzikeriak eta haizeak eraginda, baita hondakinen kudeaketa arduragabe baten ondorioz ere. Beste errealitate triste bat ahaztu gabe: urtero, zigorgabetasun osoz, ibaietara isurtzen den zabor kopurua".
Burdin sare zatiak lapurtu dituztela eta, udalarekin jarri da harremanetan Eguzki, eta burdin sareari eusten dien torlojuen zuloak estaltzeko erabakia hartu dute, "desmunta ez ditzaten".