Igandean, herri kirol erakustaldia izango da Zestoan, Udan Zer Zestoan egitasmoaren barruan, eta eguraldi langartsua iragarri dutenez, kiroldegian izango da saioa. Lekua ez da, baina, aldaketa bakarra izango: hasieran iragarritako bi kirolarik ere ez dute erakustaldian parte hartuko. Hain zuzen ere, Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegi aizarnarren ordez, Kepa Peñagarikano eta Xabier Zaldua ariko dira.
Erakustaldia 18:00etan hasiko da, eta kirolariek hainbat lan egingo dituzte. Batetik, Tubi Bustinza lasto-altxatzen ariko da. Gainera, harri-jasotze saioa egingo dute Hodei eta Jakes Iruretagoiena aita-semeek. Ondoren, harri-jasotzen, aizkoran, txingekin eta korrika ariko dira sei kirolari, bi taldetan banatuta. Talde bat Xabier Orbegozo Arria V.ak, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak eta Hodei Iruretagoienak osatuko dute, eta besteak, Xabier Zalduak, Kepa Peñagarikanok eta Jakes Iruretagoienak.
Erakustaldirako sarrera doakoa izango da, baina aurrez egin beharko da erreserba Zestoako Turismo Bulegoko 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta. Dena den, saioa kiroldegian izango denez, herritar gehiagok izango dute bertaratzeko aukera. COVID-19a saihesteko hainbat prebentzio neurri hartuko dituzte.