Kepa Peñagarikanok Luis Txapartegi ordezkatuko du igandeko Zestoako herri kirol erakustaldian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 11a, 18:20

Udan Zer Zestoan egitasmoaren barruan antolatu du udalak herri kirol saioa. Igandean izango da, 18:00etan hasita, plazan, eta sarrerak aurrez erreserbatu beharko dira. Txapartegi aizkolari aizarnarra min hartuta dagoenez, Peñagarikano azpeitiarrak ordezkatuko du.

Udan Zer Zestoan egitasmoaren barruan, herri kirol erakustaldia izango da igandean udalak antolatuta. 18:00etan hasiko da saioa, eta kirolariak harri-jasotzen, aizkoran nahiz lasto-altxatzen ariko dira. Kirolarien artean, baina, aldaketa bat izango da. Hain zuzen ere, Luis Txapartegi aizkolari aizarnarra min hartuta dago eta Kepa Peñagarikano azpeitiarrak ordezkatuko du. Peñagarikanorekin batera, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena ariko dira aizkoran. Aldiz, harri-jasotzen Hodei Iruretagoiena, Jakes Iruretagoiena eta Jagoba Otaegi. Tubi Bustinza, aldiz, lasto-altxatzen ariko da.

Igandeko erakustaldirako sarrera doakoa izango da, baina aurrez erreserba egin beharko da. Izan ere, udalak koronabirusaren hedapena saihesteko hainbat neurri hartu du, tartean plazak mugatu ditu. Horrenbestez, erakustaldiaz gozatu nahi duten herritarrek Zestoako Turismo Bulegoko 943-86 88 11 telefonora deitu beharko dute, eta izen-abizenak nahiz telefono zenbakia jakinarazi beharko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide