Igande tristeak alaitzen dituen musikari kuadrilla

Ihintza Elustondo 2020ko uztailaren 31

Hilabeteetan isilik egon da Zestoako Igandeetako Txaranga, osasun krisiak eraginda. Joan den astean berreskuratu zituzten kontzertuak, ezohiko baldintzetan. 1960ko hamarkadan du sorburua tradizioak.

Lau hilabetetik gora iraun duen isiltasuna apurtu da, azkenean. Zestoako Igandeetako Txaranga denbora luzez egon da udaletxe azpiko arkupea zapaldu gabe, koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta. Konfinamendua iritsi aurretik, bi astez behin, igandeetan, emanaldia eskaintzen zuten han, eta joan den igandean itzuli ziren agertoki horretara; hori bai, beharrezko segurtasun neurriak hartuta.

Normalean, hamar laguneko taldeak eman ohi du zuzenekoa: hiru lagunek perkusioa jotzen dute, beste bik tronpeta, eta pertsona banak tronboia, bonbardinoa, tronpa, saxofoia eta tuba. Javi Manteca (Irun, Gipuzkoa, 1971) da txarangako tronpa jotzailea, eta hark azaldu duenez, musikari batzuk finkoak dira taldean, eta beste batzuek tarteka parte hartzen dute, ordezkoren bat behar baldin bada. "Zorionez, Zestoan badauzkagu lagunak, jendea oso jatorra da, eta ez dugu arazorik izaten ordezkoak bilatzeko. Jendea oso konprometitua da, eta oso pozgarria da hori. Ordezkorik ez badago, berriz, musikari bat gutxiagorekin jotzen dugu", azaldu du Mantecak. Kide gehienak Zestoako Musika Bandako partaide ere badira.

Musikari finkoek nahiz ordezkoek agertzen duten prestutasuna nabarmendu du musikariak; izan ere, haren arabera, "oso exijentea" da Igandeetako Txarangak eskatzen duena. "Udalarekin akordio bat dugu, eta horren arabera, hilean bi emanaldi egin behar ditugu; hau da, hamabostean behin". Mantecak azaldu duenez, ohikoa izaten da bateren batek igande arratsaldean beste zerbait izan eta txarangan ezin parte hartzea, "bakoitzak bere bizitza" duelako.

Bi ordutegi dituzte: negukoa eta udakoa. Neguan, 19:00etan ematen dute kontzertua, eta udan, berriz, 19:30ean. Neguan 19:30eko ordutegia beranduegi egiten zelako erabaki zuten ordu erdi aurreratzea hitzordua. Dena dela, Mantecak zehaztu duenez, udan publiko murritzagoa izan ohi dute. "Udan, ordu horretan jendea hondartzan edo beste leku batean egoten da... Uda uda da". Udan 15-20 ikusle inguru elkartu ohi dira kontzertuetan, baina neguan, aldiz, 20-30 izan ohi dira. "Badakigu inoiz ez ditugula ehun ikusle izango, baina ohiturari eutsiko diogu, giroa sortzeko balio duelako".

Igandeetako Txarangaren jarduna erabat baldintzatu du koronabirusaren agerpenak. "Azken agerraldia martxoaren 1ean egin genuen, eta hurrengo kontzertua hamabost egunera eman behar genuen, baina konfinamendua etorri zen eta...". Ordutik, isilik egon da txaranga, baina musikak izan du bere lekua Zestoan. "Batzuk balkoietan aritu dira musika jotzen. 20:00etan hasten zen jendea instrumentuak astintzen, eta elkarrengandik gertu bizi direnek batera jotzen zuten. Bakoitzak ahal zuena egin zuen itxialdian".

Azkenean, baina, eman ahal izan dute konfinamendu osteko lehen kontzertua. Hala ere, berezia izan zen saioa, udalak ezarritako protokoloa bete behar izan zutelako. "Guk, hamar lagun izanda, ez genuen arazorik izan geure artean segurtasun distantzia mantentzeko". Horrez gain, aulkietan eserita egon behar izan zuten ikusleek, normalean ez bezala. "Normalean, aulkirik gabe izaten dira kontzertuak, eta haurrak dantzan eta jolasean ibiltzen dira. Gainera, pieza batetik besterako tarteetan gugana etortzen dira umeak eta instrumentuak jotzen dituzte gurekin". Bestelakoa izan zen joan zen igandeak utzitako irudia: "Denak eserita egon ziren, eta etxetik eramandako jostailuzko instrumentuak jotzen aritu ziren. Berezia izan zen".

Aspaldiko ohitura

Igandeetako Txarangak urteak daramatza Zestoan kontzertuak ematen; hain zuzen ere, 1960ko hamarkadan du sorburua tradizioak. Mantecak hamar urte daramatza txarangan parte hartzen, baina "zerbait entzun" du ohitura horretaz. "Zestoan lehen oso giro ona egoten zen; bere garaian, dozena inguru hotel zeuden herrian, eta batetik bestera festak-eta egiten ziren. Bandako talde batek igandero jotzen zuen orduan; herrira uda pasatzera etortzen zirenak ziren haien publikoa. Gainera, zestoar batzuek beren etxeetan hartzen zituzten bisitariak, eta giro handia egoten zen herrian. Hotel horiek, ordea, ixten joan dira, eta giro hori ere itzaltzen joan da pixkanaka. Musikariak eta publikoa aldatu dira, baina txarangak bizirik jarraitu du".

Igande tristeetan herrian giro alaia sortzeko balio du txarangaren emanaldiak. "Ohitura bat da, eta oso maitatuak gara herrian", esan du Mantecak. Hori bai, badu berezitasun bat taldeak. "Realak igandean etxean eta justu gure emanaldiaren orduan jokatzen baldin badu, bertan behera uzten dugu kontzertua". Izan ere, hiruzpalau Realeko bazkide daude taldean, eta halakoetan, hurrengo astera atzeratzen dute kontzertua.

Hurrengo emanaldiak zehaztuta dituzte dagoeneko. Abuztuaren 30ean eta irailaren 13an izango dira, ohiko moduan, 19:30ean, udaletxe azpian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide