Zestoako Udalak eta herriko hainbat eragilek askotariko ekintzaz betetako Udan zer zestoan? egitasmoa antolatu dute datozen bi hilabeteetarako. Horrenbestez, abuztuan eta irailean kirol eta kultur ekintza ugari izango dira Zestoan. Musika emanaldiak izango dira nagusi, baina bertso saioak, pilota partidak eta herri kirolak ere antolatu dituzte. Atzo aurkeztu zuten prestatutako egitaraua Zestoako Udaleko ordezkariek eta kultur eragileetakoek, plazan.
Zestoako festak eta auzoetako jaiak bertan behera uztea erabaki zuten uztailaren hasieran, baina jaiek herritar guztiak batzen dituztela iritzita, uda garaian zerbait egin ahal zitekeen pentsatzen hasi diren Zestoako Udala eta herriko kultur eragile zein sortzaileak duela aste batzuk. Interesa zegoela ikusita, "esfortzua" egitea erabaki zuten. Horrela azaldu zuen Zestoako alkate Mikel Arregi Ertxin-ek: "Festak herritar guztiak batzen gaituen ekitaldia izanik, pentsatu genuen hilabete eta erdiko epean hainbat ekitaldi antolatzea. Herriko sortzaileekin eta eragileekin harremanetan jarri ginen, eta esfortzua egitea erabaki genuen. Hiru batzar ireki egin dituzte udal ordezkariek eta sortzaileek, eta uda garairako ekitaldiak antolatzeko borondatea azaldu zutela ikusita, egitarau oparoa prestatu dugu".
Musika izango da egitarauko protagonista nagusia, eta Zestoako hainbat musika taldek eta artistak eskainiko dituzte emanaldiak. Horren harira, Zestoako alkateak herriko musikarien kalitatea azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean: "Zestoa herri txikia izanagatik musika eragiletzan potentzial handiko herria da. Kalitate handiko musikariak ditugu, eta aitortu behar da udalak baduela zor bat herriko musika eragileekin. Benetan eskertzekoa da Zestoak dituen balidabide eta azpiegitura mugak kontuan izanda, herri honek zein musika eragiletza eman duen". Halaber, Zestoako eragileen "eskuzabaltasuna" eskertu zuen Arregik: "Herriko eragile eta sortzailen languntzarik gabe hau ez zen posible izango. Uste dut antolatutako egitaraua herritar guztiontzako zerbait baikorra izango dela, kulturak batzen baikaitu".
Egoera zaila dela jakitun antolatu dute udako egitaraua. "Aipatu nahi genuke ikuspegi kritikoa izatea aberasgarria dela, baina ezin dela bizi dugun egoera hau gutxietsi. Kritiko izatea ondo dago, baina egoera gutxiestea arduragabekeria ere izan daitekeela pentsatzen dugu. Beraz, ezinbestekoa da arduraz jokatzea uneoro", adierazi zuen Zestoako alkateak. Era berean, azpimarratu zuen koronabirus kasu positiboek gora eginez gero edo erakundeek segurtasun neurriak zorroztuz gero, ekitaldiak bertan behera gelditzeko aukera ere egon badagoela.
Segurtasuna bermatzea xede
Antolatu dituzten ekintza gehienak Zestoako plazan egingo dituzte. Izan ere, segurtasuna bermatzeko gune bat egokitu duten bertan, eta gehienez 200 pertsona sartu ahal izango dira gunera. Gainera, zestoarrek izango dute lehentasuna. Nerea Odriozola Kultur batzordeburuak azaldu zituen ekintzetan parte hartzeko jarraitu beharreko argibideak. Odriozolak adierazi zuenez, "ezinbestekoa" izango da ekitaldiek irauten duten bitartean maskarak jantzita izatea eta segurtasun distantziak errespetatzea. Era berean, ikus-entzuleek ezingo dute beren eserlekutik mugitu ikuskizunak irauten duen bitartean. Ekitaldietarako sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dute eskuragarri, eta hitzordura bertaratzen diren herritarrek hori erabili beharko dute gunera sartu aurretik. Horrez gain, ekitaldietara "garaiz" joateko eskatu dute antolatzaileek. "Segurtasun protokoloa dela eta, jendea kokatzen joateko denbora gehiago behar da. Hori dela eta, ekintzetara garaiz joateko deia egin nahi diegu herritarrei, baita bertako seinaleak eta langileak errespetatzeko eskatu ere", adierazi zuen Odriozolak.
Antolatu dituzten ekitaldi gehienak Zestoako plazan egokitu duten gunean egingo dituzten arren, beste zenbait kiroldegiko aterpean egingo dituzte. Eguraldi txarra egitekotan ere, kiroldegiko aterpean egingo dituzte jarduerak.
Sarrerak doan, baina ezinbestekoak
Ekitaldiak doakoak izango dira, baina aurrez sarrerak hartzea edo telefonoa eta izen-abizenak ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako, interesa dutenek Zestoako turismo bulegora jo beharko dute, bulegora bertaratuta edo 943-86 88 11 telefonora deituta. Bi helbururekin jarriko dituzte sarrerak eskuragarri. Alde batetik, zestoarrei ekitaldietarako lehentasuna emateko, eta, bestetik, segurtasun irizpideak jarraitzeko. "Modu horretan, koronabirus kasurik agertuko balitz, ekintzetan parte hartu dutenenekin harremanetan jartzeko aukera izango genuke", azaldu zuen Odriozolak.
Hona hemen Udan zer Zestoan? egitasmoaren egitaraua osorik:
Abuztuak 7, ostirala
Profesionalen arteko pilota partida, 21:15ean, kiroldegian. Arteaga II - Urretabizkaia II; Egiguren V – Erostarbe. Altuna III – Imaz; Bengoetxea VI - Martija.
Abuztuak 9, igandea
19:00etan, plazan: Julen Alonso eta Oinkari, Sutan dantzan ikuskizuna.
Abuztuak 16, igandea
Herri kirolak, 18:00etan, plazan. Harri-jasotzen: Hodei Iruretagoiena, Jakes Iruretagoiena eta Jagoba Otaegi. Aizkolariak: Xabier Orbegozo Arria , Luis Txapartegi eta Andoni Iruretagoiena. Lasto altxatzen: Tubi Bustinza.
Abuztuak 20, osteguna
Apaxi ipuin-kontalaria, 19:00etan, kiroldegiko aterpean.
Abuztuak, 21 ostirala
Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal, 19:00etan, plazan.
Abuztuak, 22 larunbata
Bertso saioa, 19:00etan, plazan: Jon Maia, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña.
Abuztuak, 23 igandea
Manez eta Kobreak-en kontzertua, 19:00etan, plazan.
Abuztuak 27, osteguna
Iago Magoa, 19,00etan, kiroldegiko aterpean.
Abuztuak 29 , larunbata
Grises eta Elira musika taldeen kontzertua, 19:00etan, plazan.
Abuztuak 30, igandea
Arkupetan Txaranga, 19:30ean.
Iraila:
Irailak 4, ostirala
Zestoako Musika Banda, 19:00etan, Euskal Herria plazan
Irailak 5 , larunbata
Ezpalak eta Rodeo musika taldeen kontzertua, 19:00etan, plazan
Irailak 6, igandea
Goiz eta arratsaldez, Buruarinak familian tailerra, kiroldegiko aterpean.
Irailak 8, asteartea
Zahagi dantza, 20:00etan, herriko kaleetan
Irailak 13, igandea
Arkupetan Txaranga, 19:30ean
Irailak 18 , ostirala
Itxaropena dantza taldea, 19:00etan, plazan. Dantzari taldeak brokel-zikloa eskainiko du, Gipuzkoako dantzen sorta.
Irailak 19, larunbata
Arineketan diskoaren aurkezpena, 19:00etan, plazan.