Zestoako kiroldegiko arduradunek adierazi dutenez, kirol instalazioak abuztuan zehar ere irekita egongo dira. Abuztuko lehen hamabostaldian kiroldegia ixtea zuten aurreikusita, baina azken hiru hilabeteetan instalazioak itxita egon direnez, Zestoako Udalak abuztuan ere instalazioak zabaltzea erabaki du azkenean.
Abuztuaren 3tik 14ra 09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik kiroldegia, eta larunbat zein igandeetan itxita egongo da; abuztuko bigarren hamabostaldian —hilaren 17tik 31ra—, berriz, 09:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 19:00etara zabalduko dute kiroldegia, astelehenetik ostiralera.
Orain arte moduan, abuztuan ere hamabost minutuko geldialdiak egingo dituzte instalazioak desinfektatzeko, eta 09:00etatik 10:30era bitartean 65 urtetik gorakoentzat egongo da erreserbatuta kiroldegia. Bestalde, instalazioak erabiltzeko ordua aurrez eskatu beharko dute erabiltzaileek. Horrez gain, kiroldegiko arduradunek erabiltzaileei "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu diete kiroldegia erabiltzerakoan.
Frontoia ere zabalik
Bestalde, astelehenetik aurrera kiroldegiko frontoia ere zabalik egongo da. Kiroldegiko ordutegietara mugatuko da pilotalekuko erabilera, eta sarrera mugatua izango da. Horrez gain, hainbat arau ezarri dituzte frontoia erabiltzeko: gehienez zortzi pertsonak erabili ahal izango dute frontoia aldiro; inor zain egonez gero, gehienez ordubetez erabili ahal izango da; pilotalekura sartu baino lehen eskuak desinfektatu beharko dira eta sarrerako langileari abisatu beharko zaio, eta Abantzu pilota klubaren entrenamenduek nahiz bazkideek lehentasuna izango dute pilotalekua erabiltzeko.