Aurrez Azpeitian eta Azkoitian egin bezala, Zestoan ere Santio eta San Inazio egunetan tabernen ordutegia murriztea erabaki dute. Herriko ostalaritzako eragileekin hitz egin ondoren, ebazpena plazaratu du gaur bertan Mikel Arregi alkateak, tabernak ohi baino goizago ixtea aginduz. Horrela, gaur (uztailak 25), uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean gauerdian, "gehienez 01:00etan", itxiko dituzte tabernak Zestoan.
"Osasun agintaritzak azken egunetan argitara eman dituen COVID-19aren kutsatze tasen arabera, kopururik gehienak gaueko aisialdi orduetan gertatu direla" eta "Azpeitiko jai nagusiak izaki, bertako udalak jende pilaketak saihesteko ostalaritzako itxiera ordutegia murriztu izanak gaueko orduetan Zestoako ostalari zein herritarrentzat eragin kaltegarria izan dezakeela" azaldu alkateak, hartutako erabakia arrazoitzeko.
Ebazpena ematearekin bat, "herriko ostalariek izan duten prestutasuna ere eskertu" egin nahi izan du Zestoako alkateak.