Masters Caixabank esku pilota txapelketa Zestoara iritsiko da abuztuaren 7an

Mailo Oiarzabal 2020ko uztailaren 24a

Altuna III.a-Imaz eta Bengoetxea VI.a-Martija bikoteek neurtuko dituzte indarrak jaialdiaren partida nagusian. Sarrerak Asperen webgunean erosi edo udalera deituta erreserbatu ahalko dira.

Kultur eta kirol hitzorduekin hornitutako programazioa osatu dute Zestoan COVID-19ak baldintzatutako uda honetarako, eta gaur bertan jakinarazi du Zestoako Udalak esku pilota profesionalak ere tartea izango duela eeskaintza horren barruan. Hain zuzen ere, abuztuaren 7an, Aspe zein Baiko enpresetako pilotariak jokatzen ari diren Masters Caixabank binakako txapelketaren jardunaldia jokatuko da herriko udal kiroldegiaren pilotalekuan.

21:15ean hasiko da jaialdia eta bi partida izango ditu. Sarrerakoan, Arteaga II.ak eta Urretabizkaia II.ak Egiguren V.aren eta Erostarberen kontra jokatuko dute. Horren atzetik etorriko da jaialdiko partida nagusia, Masters Caixabank txapelketakoa, eta Altuna III.a-Imaz eta Bengoetxea VI.a-Martija bikoteek neurtuko dituzte indarrak bertan.

Abuztuaren 7ko pilota jaialdira joan nahi dutenek Aspe enpresaren webgunean eros ditzakete sarrerak, edo bestela, udalaren 943-147010 telefono zenbakira dei dezakete, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara, sarrerak erreserbatzeko.

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak direla eta, sarrerak pilotalekuaren edukiaren %60ra mugatuko dituztela jakinarazi du udalak, eta gogorarazi du ikusle guztiek maskara jantzita eduki beharko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide