Etxebizitzaren alokairurako dirulaguntza eskatzeko epea ireki du Zestoako Udalak

Nerea Uranga 2020ko uztailaren 21a

Etxebizitzaren alokairuaren errenta ordaintzeko dirulaguntzetara 30.000 euro bideratuko ditu Zestoako Udalak. Laguntza horien eskaerak datorren irailaren 1a baino lehen egin behar dira udaletxean.

Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza eskatzeko epea zabaldu du Zestoako Udalak. Laguntzaren eskaera egiteko epea irailaren 1era bitartekoa da. 30.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza hauek eman ahal izateko aurtengo udal aurrekontuetatik. Etxebizitzaren alokairu errenta gehienez 550 eurokoa izan beharko da dirulaguntza eskatu ahal izateko, eta eskatzailearen diru sarrerak ere kontuan hartuko ditu herri erakundeak.

Iaz ere etxebizitzaren alokairurako dirulaguntzak eman zituen Zestoako Udalak, eta orduan hamalau izan ziren onuradunak.

Etxebizitza alokairuaren dirulaguntzak honako herritarrei zuzendutakoak dira: 18-35 urte bitarteko gazteak, mugikortasun urria duten pertsonak, bananduta daudenak, 70 urtetik gorakoak direnak, alargunak eta seme-alabak beren kargura dituzten guraso bakarreko familiak. Herriko kolektibo horiei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzea da Zestoako Udalak onartutako dirulaguntzen helburua.

Udalak dirulaguntzen oinarrietan jaso duenez, "alokairuan hartuta daukaten etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahal dira onuradunak, baldin eta errentamendu kontratua denek sinatuta badute banan-banan".

Eskaera, irailaren 1a arte
Irailaren 1a bitarteko epean aurkeztu beharko da laguntza eskaera eta eskatutako dokumentazio guztia udaletxean. Besteak beste aurkeztu beharreko agiriak dira: dirulaguntzaren eskaera orria, behar bezala beteta eta sinatuta; laguntza eskatzen duen pertsonaren edota pertsonen Nortasun Agirien kopiak edota egoitza txartelaren fotokopia; tartean, adin txikikorik balego, Familia Liburuaren fotokopia; eskatzailearen eta Bizikidetza Unitatearen errolda agiria; etxebizitzaren alokairu kontratuaren fotokopia; kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria; Espainiako Estatuan etxebizitza baten jabe ez izatea ziurtatzen duen agiria (jabetza erregistroak emandakoa, gehienez laguntza eskatu aurreko hamabost egun lehenagokoa); bizikidetza unitateko kide guztien diru-sarreren egiaztatze agiriak, eta administrazioaren Gizarte Segurantzako betebeharrak nahiz zerga betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

Zestoako Udalak etxebizitzaren alokairurako emango duen dirulaguntza kopurua eskatzailearen diru sarreren araberakoa izango da. Eskaera bakoitzeko gehienez 250 euroko dirulaguntza emango du hileko, eta gehienez hamabi hilabeteko epealdi batetarako izango da laguntza hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide