Zaintzarako kontratazioak diruz lagunduko ditu Zestoako Udalak

Julene Frantzesena 2020ko uztailaren 21a

Seme-alaben eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza bermatzeko banatuko ditu dirulaguntzak. Herritarrek irailaren 30a bitartean egin ahal izango dituzte eskaerak, eta uztailaren 1etik irailaren 30era arteko kontratazioei aplikatuko diete laguntza. Herritarrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntzak eskatzeko.

Seme-alaben eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzara bermatzeko dirulaguntzak emango ditu Zestoako Udalak. Besteak beste, udalekuak bertan behera gelditu direlako eta Eguneko Zentroa itxita dagoelako hartu du laguntza horiek martxan jartzeko erabakia erakundeak. Izan ere, dirulaguntzen helburua da familia unitateek zaintza eta lana uztartu ahal izatea. Gainera, zenbait kolektiboren "enpleagarritasuna eta horien lan baldintzak hobetzea" nahi du udalak dirulaguntza lerroa martxan jarrita.

Herritarrek irailaren 30a bitartean egin ahal izango dituzte dirulaguntza eskaerak, eta uztailaren 1etik irailaren 30era arteko kontratazioei aplikatuko diete laguntza. Herritarrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntzak eskatzeko: Zestoan bizi eta erroldatuta egotean beharko dute diruz lagundutako jarduerak iraun bitartean; COVID-19aren ondorioz sortutako zaintza beharrei erantzuteko pertsona bat kontratatu beharko dute; eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izan beharko dituzte.

Familia unitatearen urteko diru sarreren arabera banatuko dituzte laguntzak. Hain zuzen ere, kontratatutako pertsonaren soldata gordinaren ehuneko jakin bat ordainduko du udalak, sarrera horien arabera.

Hona hemen taula:

Familia unitatatearen urteko zenbatekoa

0-20.000 euro %100
20.000-30.000 euro %50
30.000-35.000 euro %20
35.000 euro baino gehiago Ez du dirulaguntzarik jasoko

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide