Burdin sareak jarri dituzte Iraetan Urola ibaiaren ertzetako barandetan

Mailo Oiarzabal 2020ko uztailaren 17a

Eguzki talde ekologistaren proposamenez jarri dituzte, inguruko zenbait herritan bezala, plastikoak eta bestelako hondakinak ibaira isurtzea eragozteko.

Azkoitian edo Azpeitian egin bezala, Zestoan ere hasi dira plastikoak eta bestelako hondakinak ibaira ez iristeko ibai ertzetako barandetan saretak jartzen. Hain zuzen ere, Iraetan jarri ditu burdin sareak Zestoako Udalak; 335 metro sareta jarri dute, Iraetako zubian eta Errota industrialdean ibaiaren kontra dauden barandetan.

Zestoan ere Eguzki erakunde ekologistako kide den Gorka Alberdik aurkeztutako proposamena onartuta jarri ditu udalak ibaia babesteko burdin sareak. "Ekimenaren helburua espaloietan eta inguruetan egoten diren hondakinak ibaira ez erortzea da, Urola ibaia babestea eta itsasora hondakinak iristea ekiditea, alegia", azaldu du udalak.

Erreka garbiketa

Ibai ertzetako baranda barrenetan babesak jartzea ez da Zestoako Udalak ibaiak babesteko gauzatu duen ekintza bakarra. Horrela, joan den larunbatean urak Urola ibaira isurtzen dituen Sastarrain erreka garbitu zuten auzolanean, udaleko Ingurumen batzordearen ekimenez.

"Dena den, Zestoako Udalak argi dauka konponbidea sentsibilizazioan dagoela, hondakin gutxi sortu eta sorturikoa ondo kudeatzean", nabarmendu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide