Turismo graduari lotutako hitzarmena sinatu dute Iraurgi Berritzenek eta Deustuko Unibertsitateak

Andoni Elduaien 2020ko uztailaren 17a

Turismo graduko ikasleek formazio dualaren bitartez proiektu bat egin ahal izango dute datorren ikasturtean, Urola Erdiko garapen agentzian egonaldia eginda.

Deustuko Unibertsitateak eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak lankidetza akordioa sinatu dute gaur, ostirala, Azkoitiko Intsausti jauregian. Bi erakundeen arteko elkarlana sustatzeko eta COVID-19ak sortutako egoerak "Urola eskualdeko errealitate turistikoan eragin dituen erronkei erantzuna" emateko sinatu dute lankidetza hitzarmena.

Erakundeek sinatu duten akordioaren bidez, Turismo graduko laugarren mailako ikasleek aukera izango dute prestakuntza dualaren arloko proiektu bat garatzeko. Aukera hori 2020ko irailean hasiko den ikasturtean garapen agentzian egingo dituzten prestakuntza-egonaldien bidez gauzatu ahal izango dute ikasleek.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Deustuko Unibertsitateko erakunde harremanetarako eta Donostiako campuseko errektoreordeak eta Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak eta Azkoitiko alkateak sinatu dute bi erakundeen arteko akordioa. Beraiekin batera izan dira Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Jesus Mujika Iraurgi Berritzeneko Turismo koordinatzailea, eta Basagaitz Gereño Deustuko Unibertsitateko Turismo Saileko zuzendaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide