Hainbat kultur ekintza egingo dituzte Arroa Behean Karmen jaien ordez

Anartz Izagirre 2020ko uztailaren 14a

Besteak beste, bingo herrikoia eta magia ikuskizuna izango dira Arroa Behean aste honetan zehar. Ekintza guztiak Joxe Migel plazan izango dira, eta osasun eta segurtasun neurriak ezarriko dituzte bertan.

Arroa Beheko Karmen jaietako iazko irudi bat.

Aste honetan ziren ospatzekoak Arroa Beheko Karmen jaiak, baina gainontzeko herri eta auzoetako festak bezala, horiek ere bertan behera gelditu dira. Hala eta guztiz ere, Arroa Beheko festa batzordeak zenbait kultur ekintza antolatu ditu jaien ordez.

Etzi, osteguna, bingo herrikoia egingo dute 19:30ean hasita, eta hainbat sari egongo dira; besteak beste, Arroako taberna, ileapaindegi eta masajista zentroan gastatzeko bonuak eta Arroako industria guneko enpresek emandako produktuak banatuko dituzte. Ondoren, Erradikalak ginen umorezko bertso eta bakarrizketa saioa izango da, 22:00etan, Arroako talde feministaren eskutik. Asteburuan ere izango da zertaz gozatua, bertso saio musikatua izango baita larunbatean eta magia ikuskizuna igandean.

Ekintza guztiak Joxe Migel plazan izango dira, eta sarrera doakoa izango den arren, edukiera mugatua izango da ekitaldietan. Gainera, osasun eta segurtasun neurriak ezarriko ditu Arroako festa batzordeak; ekitaldietako sarrera eta irteera kontrolatzeaz gain, gel hidroalkoholikoak ezarriko dituzte jendeak eskuak garbitu ditzan, eta eserlekuak desinfektatuko dituzte ekitaldi bakoitzaren ostean. Bestalde, ikusleek elkarren arteko distantzia mantendu beharko dute ekitaldietan.

Hona hemen egitaraua, osorik:

Etzi, osteguna

  • Bingo herrikoia, 19:30ean.
  • Erradikalak ginen, umorezko bertso eta bakarrizketa saioa, 22:00etan.

Uztailak 18, larunbata

  • Bertso saio musikatua, 19:00etan. Bertsolariak: Eli Pagola, Beñat Gaztelumendi, Amaia Iturriotz eta Jokin Bergara. Gai jartzailea: Maddi Gallastegi. Musikariak: Garikoitz Otamendi (biolina) eta Araitz Bizkai (gitarra).

Uztailak 19, igandea

  • Potx magoaren magia ikuskizuna, 18:00etan.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide