Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak proiektu berria sortu du Gorka Hermosa akordeoilariarekin batera. Tradizioa eta modernitatea uztartu dituzte proposamen horretan, euskal kulturaren XXI. mendeko ikuspegi berri bat emanez. Uztailaren 17an –ostirala– aurkeztuko dute lana, Bilboko Euskalduna jauregian, 20:00etan.
Folklorea, jazza eta musika klasikoa ditu ardatz proiektuak, eta txistua eta eskusoinua uztartzen ditu. Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako folklorearen erritmo eta melodiak, jazzaren askatasuna eta musika klasikoaren prozesu konpositiboak fusionatu dituzte.
Emanaldian Hermosak sortutako errepertorioa joko dute. Errepertorio horrek hainbat sari jaso du: CIA IMC-UNESCO konposizio saria, Munduko Akordeoi Elkartearen Urteko Pieza Onenaren Saria azken sei urteotan lau aldiz eta PIF Castelfidardo Konposizio Saria Berlingo Filarmonikan. Besteak beste, Washingtoneko National Opera Kennedy Centerren edo Madrilgo Auditorio Nazionalean jo dituzte errepertorio horretako piezak. Gainera, mundu osoan ezagunak diren bakarlariek interpretatu dituzte doinu horiek, baita nazioarteko hogei orkestrak ere.