Zestoako Antzerki Astearen balorazio "oso ona" egin du Eromen Produkzioak taldeak

Anartz Izagirre 2020ko uztailaren 7a

Herritarren parte-hartzea nabarmendu du Amancay Gaztañaga Eromen Produkzioak taldeko kideak aurtengo Zestoako Antzerki Astean. Kukurruku irratsaioarekin eta irrati nobelarekin ere "oso gustura" gelditu direla nabarmendu du.

Zestoako Antzerki Asteko aurtengo irudi bat. (Eromen Produkzioak)

Joan zen ostiralean amaitu zen 2020ko Zestoako Antzerki Astea, eta Eromen Produkzioak taldeak edizioaren balorazio "oso ona" egin du. Ekainaren 30etik uztailaren 3ra lau antzezlan eta hainbat ekintza poetiko izan ziren ikusgai Zestoko hainbat txokotan, eta horietan herritarren parte-hartzea "zoragarria" izan dela nabarmendu du Amancay Gaztañaga Eromeneko kideak: "Konfinamenduak gogor jo gaitu guztiok, eta antzeman dugu jendeak kristoren gogoa zuela halako zerbaitetan parte-hartzeko".

Eguraldi txarra zela eta, osteguneko ekitaldiak ostiralera atzeratu behar izan zituzten antolatzaileek, baina Gaztañagak azpimarratu du "erabaki ona" izan zela ekitaldi horiek atzeratzea, eta jendeak "berdin-berdin" erantzun zuela ostiralean. Bestalde, aurten berrikuntza izan den Kukurruku irratsaioak eta irrati nobelak ere "erantzun ona" izan dutela nabarmendu du zestoarrak, eta ez dutela baztertzen datozen urteetako edizioetan ere halako zerbait egitea. Era berean, Gaztañagak dio ekintza poetikoek ere "ondo funtzionatu" zutela, eta hurrengo urteetan ere halako ekintzak aire librean egingo dituztela, eguraldiak laguntzen duen heinean.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide