Zestoako kiroldegiko dutxak eta aldagelak erabilgarri egongo dira astelehenetik aurrera

Urola Kostako Hitza 2020ko uztailaren 3a

Hiru pertsonako edukiera izango du aldagela bakoitzak, eta txankletak erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gimnasioko pisu libreko materiala ere erabilgarri jarriko dute astelehenetik aurrera.

Zestoako kiroldegia.

Apurka-apurka bada ere, ohiko jarduna berreskuratzen ari dira Zestoako kiroldegian. Astelehenetik aurrera dutxak eta aldagelak erabilgarri egongo dira berriro bazkideentzat; aldiro hiru pertsonak erabili ahal izango dute aldagela bakoitza, eta bertan, txankletak erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Bestalde, gimnasioko pisu libreko materiala ere —mankuernak, alterak...— eskuragarri jarriko dute berriro astelehenetik aurrera. Eremu horretan, aldiro pertsona bakarrak erabili ahal izango du material hori, eta erabili ostean desinfektatu egin beharko dira tresna horiek.

Zestoako kiroldegia pixkanaka normaltasunera itzultzen ari den arren, hainbat osasun eta segurtasun neurri mantendu egingo dituzte oraindik. Hori dela eta, gaur-gaurkoz hitzordua hartu beharko da kiroldegia erabiltzeko, hamabost minutuko geldialdiak egingo dituzte kiroldegia garbitzeko eta aireztatzeko, eraikinean zehar maskara erabili beharko da, tenperatura hartuko zaie erabiltzaileei eta horiek oinetakoak desinfektatu beharko dituzte kiroldegira sartzerakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide